Zarauzko aniztasuna errotzeko

Herriko aniztasuna erakutsi eta bizilagun berriak integratzen laguntzeko asmoarekin antolatu ohi du Zarauzko Udalak Zarauztik Mundura kultur arteko jaialdia, herritar talde baten laguntzarekin. Aurten, zortzigarren urtez egingo dute, eta ostiralean ekingo diete ekitaldiei.

Hain zuzen, iaz bezala, aurten ere afari herrikoia antolatu dute egun horretarako. Horren helburua da hainbat jatorritako zarauztarrek elkar ezagutzea, gastronomia aitzaki hartuta. Parte-hartzaileek hainbat herrialdetako jakiak dastatzeko aukera izango dute: besteak beste Argentinakoak, Txilekoak, Paraguaikoak, Boliviakoak, Perukoak, Venezuelakoak, Kolonbiakoak, Dominikar Errepublikakoak, Nikaraguakoak, Saharakoak, Senegalgoak, Errumaniakoak, Guatemalakoak eta Pakistangoak.

Afarirako edonork eman dezake izena. Parte hartu nahi duenak, hori bai, bere herrialdeko jakiren bat eraman beharko du prestatuta, eta trukean jasoko ditu afaritarako txartelak. Aurten, txerrikirik gabeko jakiak eskainiko dituzte, musulmanek denetarik jan ahal izateko. Aurrez eman behar da izena 943-00 51 27 telefono zenbakira deituta (Gizarte Zerbitzu Saila).

Aurten, berrikuntza gisa, elkar ezagutza bultzatzeko binaka eseriko dira parte-hartzaileak, herrialdeak nahastuz eta integrazioa bultzatuz. Deialdi berezia egin diete «herritar zaharrei» parte hartzeko; izan ere, iaz 200 bat «herritar berrik» hartu zuten  parte, eta Zarautzen jaiotako hamar batek bakarrik.

Festa nagusia, hilaren 6an

Beste hainbat ekitaldi ere bada  jaialdiaren barruan. Ekainaren 3rako zein 6rako antolatu dituztenak nabarmendu ditu Julen Aranguren Immigrazio teknikariak. Gaur zortzi, Gora Gasteiz herri ekimenekoek hitzaldi-solasaldia eskainiko dute. «Arrazismo eta xenofobiaren aurkako talde garrantzitsuenetariko bat da, eta ikusiko dugu hemen zer egin daitekeen zentzu horretan», adierazi du Arangurenek.

Ekainaren 6an izango da ekitaldi nagusia: alegia, Zarauztik Mundura, mundutik Zarautzera jaialdia. Guztira, 14 postu jarriko dituzte, munduko askotariko jakiak dastatu ahal izateko. Udalak ere izango du bere postua; jakirik gabe, baina informazioa banatuko dute.

Zarauztik Mundura jaiak «anaitasuna» bilatzen duela nabarmendu du Jenni Rodriguez paraguaitarrak: «Zarautz gure bigarren bizitokia da, eta zarauztarrak sentitzen gara. Zarauztarrekin familia handi bat osatu nahi dugu».