Bolak biraka jarraitzen du

Iazko maiatzean, bola eta toka jokoa berreskuratzeko asmoarekin eta auzoko festak biziberritzearekin batera, Gipuzkoako Bolo eta Toka Eguna antolatu zuen Zelai Ondoko jai batzordeak auzoko bolatokian, hori atondu eta gero. Izan ere, baziren 25 bat urte udalerrian halako txapelketak antolatzen ez zirena. Garai batean bazegoen Zarautzen bolara eta tokara jokatzeko tradizioa, eta baita hainbat bolatoki ere. Gerora, batzuk desagertu egin ziren, eta gainbehera etorri zen.

Bolarako eta tokarako zaletasuna, ordea, bizirik mantendu dute bizilagunek. «Duela hogeita bost urte bolan eta tokan ibiltzen ginen Zelai Ondon, eta ikusita oraindik ere nahiko ondo moldatzen garela, eta eskua badugula, taldea osatzea erabaki dugu», adierazi du Txema Fernandez taldeko ordezkariak.

Azaroan sortu zuten, eta Zelai Ondoko Bol&Tok kirol elkartea izena jarri zioten. «Ezberdintasun hori eman nahi genion taldeari; jakinda joko tradizionala dela, gaur egunera ekarri nahi izan dugu izen horrekin», dio. Gaur egun hamasei lagun daude federatuta: taldekide gehienak bolan aritzen dira, hamabi bat, eta tokan beste lau kide. Bolara jokatzen duten batzuk ere aritzen dira tokan, hala ere.

Urtarrilean Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioan izena eman eta Gipuzkoa mailan lehian hasi zen Bol&Tok taldea.  Guztira, 16 bola jardunaldi jokatu dituzte, igandero, eta baita emaitza onak pilatu ere. Fernandez, esaterako, Euskadiko txapelketarako sailkatu da. «Nik uste pixkanaka-pixkanaka ari garela zirkuituan gure tokia egiten, eta erakusten Zarautzen ere badagoela botatzeko gogoarekin», nabarmendu du Xanti Zumeta taldekideak.

«Sekretua da bolak bota eta bota aritzea», Fernandezen arabera. Hori dela-eta, astero elkartzen dira taldekideak Zelai Ondoko bolatokian, ostegunetan zein larunbatetan. Eguraldi txarra eginez gero—Zarauzko bolatokia ez dago estalita eta euria egiten duenean urez betetzen da—, eta lehian jarduten dutela ikusita, inguruko bolatokietara jotzen dute entrenatu ahal izateko. «Izan ere, ez bada praktikatzen, ez dago ezer egiterik».

Birlak eta bolak festa batzordeak uzten dizkiete. Iazko jaietan bildutako diruarekin erosi zuten materiala, eta haiei esker jokatzen dute Bol&Tok taldekoek bolara. Babesleak ere badituzte, gainera: Ameztigain sagardotegia eta Sukinor enpresa, hain zuzen.

Txapelketak, larunbatean

Garai bateko ohiturari eusteko, Zelai Ondoko jai batzordeak eta Bol&Tok taldeak hainbat txapelketa antolatzen dituzte urtean zehar. Proba nagusia abuztuan izan ohi da, Amabirjinaren jaietan. Larunbat honetan, berriz, aperitibo moduan, II. Mus Txapelketa eta Bola eta Toka Txapelketa jokatuko dituzte. Egunean bertan eman beharko da izena txapelketetarako: musean aritzeko 16:00ak bitartean jokalekuetan, hau da, Aritzbatalde, Iluntze eta Zelaitxo tabernetan, eta bolan eta tokan lehiatzeko, berriz, bolatokian, 16:00etatik 17:00etara. Mus txapelketan parte hartu ahal izateko 20 euro ordaindu beharko dira bikoteko, eta bola zein tokan jarduteko bi euro.

Behin inskripzioak betetzen direnean hasiko dituzte txapelketak, aipatutako lekuetan. Askotariko sariak banatuko dituzte. Mus txapelketako irabazleek txapela eta izena emateekin jasotako diruaren %50 eskuratuko dute, txapeldunordeek bildutako diruaren %20 eta afaria, eta hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen direnentzat ere afaria izango da saria.

Bola eta toka txapelketako garaileak, berriz, bi botila, afaria eta jasotako diru kopuruaren %50 eskuratuko ditu, bigarren sailkatuak bi botila eta bildutakoaren %30 eta hirugarrenak bi botila eta jasotako diruaren %20. Bi bueltara jokatuko dute, eta bakoitza sei bolakoa izango da. Toka txapelketan ere berdin.

Bukatzeko, Ameztigain sagardotegian afalduko dute parte-hartzaileek.