Juan Jose Alvarezi eman diote Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria

Juan Jose Alvarez Rubiori (Zumaia, 1964) eman diote 2015eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako Saria. Epaimahaiak Alvarez Rubiok Euskal Herrian zein atzerrian duen proiekzioa eta bere lanen ikuspegi kritiko eta berritzailea nabarmendu du.

Europako Kontseiluan aholkularia da zuzenbideko arlo batzuetan. Zuzenbide pribatuan katedraduna da eta EHUko irakaslea, eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko kidea ere bada Juan Jose Alvarez Rubio. "Europarrak izan nahi dugula uste dut, baina gehiago sentitzen gara europar, Europako hiritar baino. Niri izugarri gustatuko litzaidake identitatea Europan aurkitzeko aukera izatea; ia-ia apatrida izatea banderei dagokionez", zioen Alvarez Rubiok iazko maiatzean UROLA KOSTAKO HITZAri emandako elkarrizketa batean.

Ontziolen auziaz ere hitz egin zuen UROLA KOSTAKO HITZAn 2013ko abuztuan.

Pasa den hilabetean, maiatzean, Zarauzko Ziri Getariako Txakolinaren Kofradiak Juan Jose Alvarez ohorezko kofrade izendatu zuen. Gaur egun Zarautzen bizi da.