Urola Kostako Hitza-tik elkartasuna Goienari

Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldearen egoitzan pintaketak egin dituzte gaur, osteguna. Besteak beste, "Goiena = PNV" bezalako mezuak margotu dituzte komunikazio taldearen egoitzako horman eta atean. Eraso horren aurrean, Urola Kostako HITZAko lan talde osoak elkartasun guztia helarazi nahi die Goiena osatzen duten langile eta kide guztiei, eta bat egiten du Hekimenek plazaratu duen adierazpenarekin.

Hauxe da Hekimen elkarteak adierazi duena:

"Hekimen elkarteak gaur Goiena hedabidearen atarian ageri diren pintadak salatu nahi ditu, prentsa askatasunaren kontra bete-betean jotzen dutelako eta onartezina iruditzen zaigulako hedabideetako langileen jarduna horrela baldintzatu nahi izatea.

Euskal hedabideak biltzen dituen Hekimen elkarteak, era berean, elkartasuna adierazi nahi die Goienako langileei, segi dezaten egunero askatasunez lanean.

Andoainen, 2015eko ekainaren 4an"