Salbatore Mitxelena Ikastolaren 50. urteurrenera gonbidatu dituzte zarauztarrak

Salbatore Mitxelena Ikastolaren 50. urteurreko agerraldi jendetsua. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak 50 urte beteko ditu aurten eta horren berri emateko agerraldi jendetsua egin dute gaur goizean; bertan izan dira Ikastolatik pasatako hainbat herritar ezagun, gurasoak, langileak eta ikasleak. Mende erdia urteurren garrantzitsua da eta Zarauzko Ikastola "herritik eta herriarentzat" sortu zenez, 50 urte  zarauztarrekin partekatu nahi dituztela azaldu du Salba Bergara ikastolako lehendakariak. Besteak beste, bertso afaria, ikasle ohien afaria orduko diskoteka giroan, kontzertuak, kirol jaiak, erakusketak, mus txapelketa eta hitzaldiak antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Ikastolaren izenean herri osoa gonbidatu du Bergarak Salbatore Mitxelena Ikastolaren 50. urteurrenera.

Hasiera gogoan

Arraun eta amets izango da 50. urteurreneko leloa. Zarauzko Ikastolaren izaerarekin estuki lotuta dago leloa, Josune Murua zuzendariak azaldu duen moduan, "euskararentzat enbata zegoen garaian, ametsei helduta arraunean hasi ziren zenbait gizon emakue ausarti esker, euskararen eta euskal hezkuntzaren egungo garapema ahalbidetu dugu". Iñake Uranga Salbatore Mitxelena Ikastolako lehen promozioko ikasleak gogoan du 1965ean zein zen hezkuntzaren egoera. "Neskek ezin zuten eskolara galtza luzeekin joan eta eskolan euskaraz hitz eginez gero, zigorra zen ordainetan". Ikastolak joera horrekin apurtu zuen. "Irakasleek guretzat propio ikasmateriala sortu eta ordura arteko hezkuntza moldeak baztertu zituzten. Badakizue la letra con la sangre entra modukoak alde batera utzi zituzten eta kantuari eta irudimenari bideak irekiz ikasten joan ginen. Ikuspegi kritiko batekin hazten lagundu ziguten".