Hondartzan salmenta gunea jartzeko aukera dute udan Orioko merkatariek

Orioko hondartza uda sasoian. (Orioko Turismo Bulegoa)

Uda iristear da, eta dagoeneko antzeman daiteke uda giroa eskualdeko hainbat herritan. Orion, esaterako, dagoeneko martxan da hondartza denboraldia eta, Getarian, Zarautzen eta Zumaian, larunbatean abiatuko dituzte sorospen zerbitzuak. Horretaz gain, igerilekuak gustuko dituztenek asteburutik aurrera izango dute Aiako, Azpeitiko eta Azkoitiko kanpoko igerilekuetan bainua hartzeko aukera.

Oro har, ez da berrikuntzarik egongo aurtengo uda denboraldian iazko kanpainarekin alderatuz. Berrikuntzaren bat aipatzekotan, Orioko Udaletik jakinarazi dute aurtengoan herriko merkatariek uztailean eta abuztuan hondartza inguruan salmenta-gunea jartzeko aukera izango dutela.

Orioko Merkataritza Mahaiak urteak daramatza «udan hondartzara joaten diren bisitariak herrira erakartzeko bidea aztertzen», eta helburu horrekin jarri zuten martxan txu-txu trena. Orain, urrats bat aurrera eman, eta merkatariak hurbilduko dira bisitariak biltzen diren gunera: hondartzara. Merkataritza Mahaiaren azken bileran udalak prproposatu zuen hondartzan etxola finko batzuk jartzea, eta merkatariek proposamen horren alde egin zuten. Etxola horiek Orioko merkatari guztiek erabili ahal izango dituzte, janari dendek izan ezik, eta udalak bere gain hartuko du etxolen eta elektrizitatearen gastua.

Orioko Udalak uste du egitasmo horrek harrera ona izango duela: «Orion kalitatezko merkatariak daude eta, beren profesionaltasuna eta produktuak hondartzan erakutsiz, bisitariei Oriora gerturatzeko gogoa sortu nahi diegu».

Uztailean eta abuztuan hondartzako etxoletan beren produktuak saldu nahi dituzten merkatariek ostiralera arte izango dute izena emateko aukera udaletxean bertan, edo mezu bat idatzita kultura@orio.eus helbidera. Mezuan merkatariek bi lerrotan, alegia, motzean, azaldu beharko dute zer saldu nahi duten.

Egitasmoan izena ematen dutenekin bilera bat antolatuko du Orioko Udalak ekainaren 18rako, 14:30ean; bertan guztien artean zehaztuko dute ordutegia, merkatari bakoitzari tokatzen zaizkion egunak eta erabilpen arauak.

UDAKO DENBORALDIA

IGERILEKUAK

- Aiako eta Azpeitiko igerilekuak ekainaren 13tik irailaren 13ra egongo dira irekita.

- Azkoitia. Ugarteigarango igerilekua ostiralean 10:30ean zabalduko dute, eta irailaren 13a arte egongo da zabalik.

HONDARTZAK

-Getarian, Zarautzen eta Zumaian ekainaren 13an abiatuko dute sorospen zerbitzua, irailaren 13ra bitartean.

- Orio. Ekainaren 6an martxan jarri zuten sorospen zerbitzua, irailaren 13ra bitartean.

TAO

- Getaria. Larunbatetik irailaren 13ra bitartean Getariako portuan eta hondartza inguruan TAO ordaindu beharko da egunero.

- Orio. Ekainaren 1ean martxan jarri zuten TAO sistema hondartza inguruan eta Muntoko aparkalekuan, eta irailaren 13ra bitartean egongo da indarrean.

- Zarautz. Hilaren 15ean abiatuko dute TAO sistema Zarautzen, irailaren 15a arte.