Aurten Mursego ere 'kale gorrian'

Kalegorrian kontzertu zikloa antolatu dute Zarauzko Iñurritza auzoan, ostiralean hasita. Sarrera doakoa da, eta 3 euroko laguntza bonoaren truke pintxo potea eskainiko dute Yubion.

San Pelaio jaietan ohikoak diren erromeria saioez gain, beste mota batzuetako musika eskainiz ere auzoan giro ederra sortu zitekeela pentsatu zuten duela hiru urte Felipe Eizagirrek eta Gorka Erostarbek. Horrela sortu zuten Kalegorrian Iñurritza egitasmoa. «Kontzertu handietatik ihesi, garbi geneukan formatu txikiko kontzertuen aldeko apustua egin nahi genuela. Auzotarrei kalean poteatzen ari ziren bitartean zuzeneko musikaz gozatzeko aukera eskaini nahi genien». Egitasmoa sortu zutenean ez zuten pentsatu ere egiten egun lortu duen izena lortuko zuenik. «Dagoeneko herritar askok badaki San Pelaio jaien bueltan ostiraletan kontzertuak izango direla Iñurritza auzoan, pintxo potearekin». Doako kontzertuak dira, eta iaz, esaterako, zenbait kontzertutan jende piloa bildu zen. «Hori oso pozgarria da guretzat, urtez urte proiektua sendotuz joan baita».

Kontzertu zikloan parte hartuko duten musika taldeak aukeratzerakoan, antolatzaileek eurei gustatzen zaizkien taldeengana jotzen dute; tartean, talde zarauztarrak ere izaten dira. Autengoan, esaterako, Buffalok kontzertua eta Makala DJak saioa eskainiko dute. «Iaz Makalak bere taldearekin jo zuen, eta euria hasi zuenez, ezin izan zuen musika jarri. Horregatik, aurten berriz gonbidatu dugu Kalegorrian-era». Eizagirreren iritziz Zarautzen «oso talde onak» daude, eta naturaltasunez sortzen da horiek gonbidatzeko aukera.