Gaur, Kontxarako txartela lortzeko lehian ibiliko dira eskualdeko zazpi traineru

Kontxako estropadaren aurkezpen ekitaldia Donostiako udaletxe aurrean. (Karkara)

Kantauri itsasoko arraun elkarteek gorriz markatuta izaten dituzte iraileko lehen bi igandeak. Aurten ere Kontxako Bandera izango da jokoan irailaren 6an eta 13an Donostian, eta arraunlariak irrikaz eta indarrez beteta iritsi dira. Izan ere, traineru guztien ametsa da Kontxako Estropadan parte hartu eta bandera irabaztea, baina horretarako erlojuaren aurkako sailkapen estropadan txartela lortu beharko dute. Gaur jokatuko da sailkatzeko proba, eta 36 talde uretaratuko dira guztira; emakumezkoen 12 traineru eta gizonezkoen 24. Tartean dira emakumezkoen Zumaia, Orio eta Getaria-Zarautz traineruak eta gizonezkoen Orio, Getaria, Zumaia eta Zarautz.

IGOR MAKAZAGA Orioko gizonezkoen traineruko entretzailea

«Taldea sasoi betean iritsi da iraileko lehen hamabostaldira»

Orioko traineru nagusia da eskualdean gizonezkoen traineruen artean Kontxako Banderarako sailkatzeko faborito nagusia. Getariak eta Zumaiak oso maila ona erakutsi dute KAE 1 Ligan eta datorren denboraldian San Miguel Ligan jokatzeko txartelagatik borrokatuko dute iraila amaieran. Dena dela, liga nagusiko gainontzeko traineruekin indarrak neurtzeke dira oraindik, eta norgehiagoka estua jokatu beharko dute Kontxako Estropadara sailkatzeko.

24 taldetatik zazpi azkarrenek lortuko dute Kontxan lehiatzeko txartela. Aurreikuspenen arabera, oriotarrek horretarako aukera asko dituzte; traineru horia hirugarren postuan sailkatuta dago TKE Ligan, eta Igor Makazaga entrenatzailearen esanetan, «sasoi betean» iritsi dira iraileko lehen hamabostaldira. «Taldea oso ondo dago, estropada iristeko gogoz. Orain garrantzitsuena osteguneko sailkapen estropadan txartela eskuratzea da eta horretarako ahal dugun lanik txukunena egingo dugu». Denboraldian zehar Orioko entrenatzaileak esan duen moduan «egunez egun joan behar da» eta sailkapen estropadari «merezi duen errespetua» izan behar zaiola uste du, «akatsen bat eginez gero, galtzeko asko baitugu». San Miguel Ligako hiru traineru onenen artean sailkatuta badaude ere, oriotarrek badakite Kontxako Estropadan ezusteko ugari gertatu daitezkeela, eta horregatik sailkapen estropadan ere %100 ematea da entrenatzailearen asmoa. «Kontxak bere historian erakutsi du ezusteko ugari gertatu daitezkeela. Guk sorpresaren bat gertatzekotan ezusteko positiboa eman nahiko genuke».

Eguraldiak eta itsasoaren egoerak zeresana izan ohi du estropada orotan, eta oraingoan ere iragarpenei adi-adi jarraitzen ari dira talde guztiak. «Hasiera batean ez da itsaso txarrik aurreikusi, baina haize pixka bat emana dago, eta badakigu askotan gutxi behar izaten dela egoerak okerrera egiteko». Gainera, Kontxako Estropada itsasoan jokatzen da osorik, eta «iragarpenak txarrak ez direnean ere zailtasunak harrapatzen ditugu. Beraz, eguna iristen denean ikusi beharko da».

 

KIKE MANTEROLA Zumaiako emakumezkoen traineruko entrenatzailea

«Saio ederrak egin ditugu eta arraunlariak oso animatuta daude»

Euskotren Liga eta Gipuzkoako Liga bukatu zirenetik bi aste igaro dira, eta indarrak berreskuratuta aurre egingo diete Zumaiako arraunlariek Kontxarako sailkapenari. Helburua argi dute: «bandera irabaztera» joango dira zumaiarrak Donostiara. Aurreko bi hilabeteetan Euskotren Liga irabazteko norgehiagoka estua jokatu dute San Juanen aurka, eta bi puntuko aldearekin bigarren postuan sailkatu da traineru gorria. Dena dela, Kike Manterola entrenatzaileak azpimarratu du «denboraldian zehar oso erregularrak» izan direla, «lehen postuan sailkatu ez garenetan bigarren egin baitugu».

Euskotren Liga alde batera utzita, azken bi asteetan Kontxarako entrenatzen aritu dira. «Oso ondo entrenatu dugu. Aurreko estropadetan egin ditugun akatsak zein izan diren badakigu, eta horiek zuzentzen aritu gara. Saio ederrak egin ditugu, eta arraunlariak oso animatuta daude. Kontxako Banderagatik borrokatzeko gogoz gaude».

Zumaiarrek badakite norgehiagoka estua egongo dela Donostiako uretan. «San Juan oso indartsu dago, Hibaika goraka etorri da denboraldiaren azken txanpan eta Orio ere maila ona ematen ari da. Hasiera batean uste dugu Euskotren Ligako traineruak izango garela banderagatik borrokan ibiligo garenak, baina oraindik ez dakitu galiziarrak zein mailatan iritsiko diren», nabarmendu du.

 

KLAUDIO ETXEBERRIA Orioko emakumezkoen traineruko entrenatzailea

«Lehia estua izango da biharkoa, akats batek kanpoan utz gaitzake»

Euskotren Ligan laugarren postuan amaituta, Orioko emakumezkoen trainerua Kontxako Estropada jokatzeko gogo betez dago. Azken urtean aurrerapauso handia eman du taldeak, eta Euskotren Ligan sailkatzea lortu zuen denboraldi hasieran; hurrengo helburua Kontxako Estropada jokatzeko txartela lortzea izango da. «Lau traineru onenen artean sailkatuta egoteak lasaitasuna ematen du, baina bihar uretan erakutsi beharko dugu hori. Lehia estua izango da, eta badakigu akats txiki batek kanpoan utz gaitzakeela», aitortu du Klaudio Etxeberria entrenatzaileak.

Urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa da biharkoa, eta oriotarrak gogor entrenatu dira azken asteetan. «Indarberritzeko eta kalitatezko entrenamendu gogor batzuk egiteko aprobetxatu dugu, arraunlariak oso animauta daude eta onena ematera goaz».

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide