Epai zain geratu da Mugertzaren eta beste zazpi gazteen kontrako epaiketa

Zortzi auzipetuak epaiketako hirugarren saioa hasi aurrez, Alfonso Fernandez ‘Alfon’ auzipetuaren aldeko kartel batekin. Topatu.info

Amaiatu da Garazi Mugertza zarauztarraren zein beste zazpi gazteen kontrako epaiketa. Fiskala zein akusazio partikularrak berretsi egin dute horiek terrorismoa goratu zutela, eta ondorioz, berriz ere zigor eskaera bera eskatu du, hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra zein hamar-hemezortzi urte bitarteko inhabilitazioa. Defentsak, berriz, gazteak absolbitzeko eskatu du, akusazioa ez dagoela frogatuta nabarmenduz.

15:30 pasata hasi dute Ernaiko zazpi kideen—tartean Garazi Mugertza zarauztarra— eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegiren kontrako epaiketako azken eta hirugarren saioa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Probak ikuskatzen jardun dute orain arte.  2013ko Gazte Danbadako hainbat bideo erakutsi dituzte eta Angela Murillo epaileak batzuk aurreratzeko eskatu du, argudiatuz "hutsalak" direla. Bideoak ikusi ondoren, fiskalak berretsi egin du ustezko delitua, alegia, zortzi gazteek terrorismoa goratu zutela. La haine elkartearen twitterraren arabera, Orduñan egindako manifestazioan parte hartu, ETAren irudia zeraman pankartak eduki eta 'Agur eta ohore' bezalakoak esan izana leporatu die, besteak beste. Mugertzak UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dionez fiskalak "nahi duena" esan du, eta zenbait kasutan "gauzak nahastu" ditu, esaterako, Ernai eta ETA nahastu ditu.

Ondoren, akusazio partikularrak hartu du hitza. Horrek ez du "apenas ezer berririk" gehitu, zarauztarraren arabera. Fiskalak egin duena egin du, hau da, auzipetuek terrorismoa goratu zutela berretsi. Frogetan oinarritu da hori esateko, fiskala bezala.

Atsedenaldiaren ostean, defentsaren txanda da orain. Horrek absoluzioa eskatu du auzipetuentzat, argudiatuz ez dela "frogatu horiek Ernaikoak zein Gazte Danbadaren arduradunak" direnik. Besteak beste, gogoratu du  manifestazioak ez zuela Gazte Danbadarekin loturarik, ekitaldian kartzela politika salatu zutela eta poliziak ere bertan egon izana ez dagoela «inon jasoa». Eta poliziak Ernai sortu aurreko dokumentazioa izan zutela kontuan.

Defentsak amaituta, Aitor Andak epaiketaren oinarria «gazteen ekinbidea mugatzea» dela salatu zuen, Mugertzaren arabera, eta Ernai eta Topatu «jomugan jartzea». Epaileak moztu egin ziola kontatu du zarauztarrak.  Gero, Salegik bere lana  «legitimoa» zela esan eta adierazpen askatasuna defendatu zuen.  Epaiaren zain geratu da auzia.