Erabakitzeko eskubidera bost milatik gora saretu dira Urola Kostan

Nerea Uranga 2015ko eka. 18a, 06:23

Erabakitzeko eskubidearen alde 5.000 lagun baino gehiago saretu dituzte Urola Kosta eskualdeko Gure Esku Dago-ren herrietako batzordeek: Azpeitian 1.400, Zarautzen 1.300, Azkoitian 600etik gora, Zestoan 530, Orion 300, Getarian 750 eta Zumaian 800 baino gehiago.

Herritar guzti horiek eta gehiagok bat egingo dute Gure Esku Dago dinamikak iganderako, ekainaren 21erako, Euskal Herriko bost hiriburuetan antolatu dituen ekitaldiekin.

Ekainaren 21ean, 12:00etatik 12:30ak bitartean, oihal katea egingo dute Donostian Urumearen bost zubiak lotuz; Urola Kostako herrietan jositako oihalak kate horretan bilduko dituzte, beste batzuekin batera.

Gero, arratsaldez, Anoeta estadioan izango den ekitaldian eskualdetik joandako hainbat musikarik, danborjolek, joaldunek, dantzarik eta abeslarik hartuko dute parte. Eta, Anoetan bertan, inguruetan eta Illunben antolatuko diren tabernetan boluntario lanean eskualdeko ehun lagun baino gehiagok jardungo du.

- EKAINAREN 21EKO DONOSTIAKO EGITARAUA

Igandera artean lanean

Igandera bitartean Gure Esku Dago taldeetakoak herriz herri sarrerak eta materiala saltzen eta atxikimenduak edo saretzeak lortzen segituko dute.

AZKOITIko Gure Esku Dago-k Anoetarako sarrerak salgai ditu herriko hainbat tabernetan: Dean, Olaberri, Zurt, Atraskue, Etxe-Aitz, Ttakun, Arkupe eta Zakelan.

AZPEITIAn, Gure Esku Dagoren lokala (Foru Ibilbidean dago) irekita egongo da larunbatera bitartean 11:00etatik 12:30era eta 17:30etik 19:30era.

ZESTOAn, bihar, 19:00etatik 21:00etara, mahaia jarriko dute plazan atxikimenduak lortu eta kamisetak saltzeko. Anoetarako sarrerak larunbat goizera bitartean Gurutze jubilatuen tabernan daude saltzen.

ZUMAIAn, gaur, bihar eta etzi arratsaldez, 19:30ak inguruan, mahaia jarriko dute Erribera kalean. Bertan, saretzeko eta sarrerak erosteko aukera egongo da.

GETARIAn, Harritarte dendan daude sarrerak saltzen Anoetarako eta Illunbeko Familia gunerako, eta atxikimendua emateko mahaia jarriko dute bihar arratsaldean, larunbatean 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldean, Kale Nagusian.

ZARAUTZen, Eguzki eta Txiki Polit tabernetan Anoetako estadiorako sarrerak larunbat arratsaldera arte egongo dira saltzen. Baina, Zarauzko Gure Esku Dagoren lokalean ere badago sarrerak eta kamisetak erosi eta saretzeko aukera. Lokala zabalik 18:00etatik 20:00etara egoten da.

Azken egunetan Anoetarako sarrerak abiadan ari dira saltzen herrietan eta gehiago ekarri dituzte. Baina, egunean bertan Anoetan ere erosteko aukera izango da.

Garraio publikoaren zerbitzua gehituta

Ekainaren 21ean Donostiara joateko garraio publikoa erabiltzera deitu dute Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako, Zumaiako, Zarauzko, Aiako eta Orioko Gure Esku Dago taldeetakoek.

Eusko Trenek eta Lurraldebusek autobus eta tren zerbitzu gehiago jarriko dituzte goizean Donostiara joateko eta arratsaldean handik herrietara itzultzeko.

ZUMAIA-DONOSTIA-ZUMAIA

Ohiko zerbitzuez gainera, beste berezi batzuk ere jarriko dituzte:

- Autobusa: Zumaia eta Donostia artean 08:30ean eta 09:30ean bi autobusek irtengo dute, eta Donostiatik Zumaiara beste bina 20:00etan, 21:00etan eta 22:30ean.

Zumaia-Zarautz-Orio-Donostia arteko autobusen ordutegia.

- Trena: Zumaia eta Donostia artean ere tren zerbitzu bereziak jarriko dituzte: 10:30ean eta 15:30ean Zumaiatik irtenda; eta, 20:20an, 21:20an eta 00:40an Donostiatik aterata.

AZKOITIA-DONOSTIA-AZKOITIA

- Autobusa: Azkoitia eta Donostia artean Lurraldebusek igandetako ohiko zerbitzuaz gainera beste batzuk ipiniko ditu: 09:55ean aterako da Azkoititik Donostiara eta Donostiatik Azkoitira 22:20an.

GETARIA-DONOSTIA

Getariatik, berriz, Anoetarako sarrera erosi dutenentzat autobusa dago: 10:00etan irtengo du Getariarik eta 20:30ean itzuliko Donostiatik.