Xabier Txurruka: "Herri mailan giza eskubideez eta elkarbizitzaz asko dago egiteko"

Nerea Uranga 2015ko uzt. 15a, 05:25

Aintzane Ezenarro Memoriaren, Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Institutuko zuzendaria, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria atzo Zarautzen (Zarauzko Udala).

Zarauzko Udalean Giza Eskubideak eta Elkarbizitza izeneko batzorde berria eratzeko asmoa azaldu du Xabier Txurruka (EAJ) alkateak. Eusko Jaurlaritzaren eskutik Memoriaren Udal Erretratuak liburuxka jaso ondoren jakinarazi du, uste baitu «herri mailan gai honen inguruan lan asko dagoela egiteko». Bihar, osteguna, da Zarauzko Udaleko batzordeak eta ordezkariak erabakitzeko udalbatzarra.

Eusko Jaurlaritzak ETAk, GALek edo Estatuko segurtasun indarrek 1960tik 2010era Euskal Autonomia Erkidegoan egin zituzten 707 hilketen inguruko informazioa bildu du, biktima guztiak aitortzen laguntzeko. Horrekin lotuta, Memoriaren Udal Erretratuak txostena aurkeztu dute. Egun hauetan udalez udal txostena aurkezten ari dira, herri bakoitzeko alkateari herriari dagokion txostena emanez.

Atzo jaso zuten txostena Zarautzen. Bertan izan ziren Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Institutuko zuzendaria. Hauen eskutik Xabier Txurruka alkateak, Zarautzen jaio, bizi edo hil diren biktimen izen abizenekin datu base bat jaso zuen.

Txostena ez dago itxita, eta udalen ekarpenak jasotzeko asmoa dute. Horretarako, orain Zarauzko Udaleko alderdi politiko bakoitzak liburuxka bana jasoko du. Hala adierazi zuen Zarauzko alkateak: «Argi eta garbi azaldu digute lanerako dokumentu bat dela. Ez dagoela itxia, eta hor azaltzen diren datu guztiak zehazteko modua egongo balitz edo zerbait gehiago argitu, konpondu edo zabaltzeko dokumentu irekia dela».

Bide horretan, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak biktimen oroimenezko eta aitormenezko ekitaldiak sustatzen lagundu nahi die udalei.

Zarauzko alkatearen ustez herritik ere «lan handia» dago egiteko. «Adibidez, Zarautzen hezkuntza arloan lan egin da, baina oraindik ere herri mailan asko dago egiteko».

Herritik «alea» jarri nahia

Horregatik, hasi berri duten agintaldian, etorkizunerako eta herritarren elkarbizitzarako funtsezkoa den gaiaren inguruan lan egiteko konpromisoa azaldu du Txurrukak. Zarauzko Udaletik «aurrerapausoak ematen laguntzeko» Giza Eskubideak eta Elkarbizitza izeneko udal batzorde berria sortzeko asmoa dute. Hala esan zuen alkateak: «Bi hilean behin elkartuko litzateke batzordea. Uste dugu, herri eta udal mailan gai honen inguruan badagoela zer egina. Herri mailan asko dago egiteko kulturgintzan, gizarte gaietan, ekonomian, hirigintzan... Baina zer nolako gizarte bat eraiki nahi dugun erabakitzeko, bizilagunon artean elkarbizitza sustatu behar dugu».

Herritarren artean hitz egiteko beharra nabarmendu du Txurrukak: «Egoera berri baten aurrean gaude, bakea mahai gainean dago, eta hori denon artean bultzatu eta indartu behar dugu. Horretarako herri honetan gertatutakoaz ere hitz egin beharra dago, eta asko dago horretaz hitz egiteko, bai batzuekin eta bai besteekin, denetarik gertatu delako. Guk borondate onenarekin gai hau magai gainean jarri nahi dugu. Guk gure aldetik gure alea jarriz».