Urola Kostako industria sektoreko lankidetza proiektua aurkeztuko dute hilaren 27an udal elkartean

Urola Kostako industria sektoreko lankidetza proiektua aurkeztuko dute. (Ane Olaizola/Hitza)

Eskualdeko enpresa gehienak "txikiak" dira eta Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Zerbitzuak jakin badaki mota horretako enpresek arazoak izaten dituztela beren produktuak nazioartekotzeko. Hori dela-eta, Urola Kostako industria sektoreko enpresen arteko lankidetza eta elkarlana sustatzeko proiektua landu dute eta udal elkarteak hori aurkezteko jardunaldia antolatu du uztailaren 27rako . Horretaz gain, Getgoierri Basque Country proiektua ere aztertuko dute, Goierrin landu duten lankidetza eredua ezagutzea interesgarria izan daitekeela uste baitute arduradunek.

Goierriko egitasmoa duela 10 urte sortu zuten. Enpresa txikiak elkarlanean hasi ziren eta enpresa handien aurrean talde gisa aurkezten dira ordutik eta mundu osoan zehar bidaia komertzialak egiten dituzte. Industria sektoreko azoka garrantzitsuenetan Get Goierri postua jartzea lortu dute.

Urola Kostako industria sektoreko enpresen arteko lankidetza eta elkarlana sustatzeko proiektua ezagutu nahi dutenek 943-890808 telefono zenbakira hots eginda, enpresa@urolakosta.org helbidera idatzita edo Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresan Zerbitzuan bertan eman dezakete bileran parte hartzeko izena.