Ugarteri omenaldia Ispilu Arten

Julian Ugarte zenak Zarauzko arte mugimendua indartzeko lan handia egin zuen, eta euskal artista garaikide garrantzitsuenetakoa izan zen. Omenaldia egin diote sorterrian.

Ispilu Arte galeriak omenaldia egin dio Julian Ugarte zenari, erakusketa baten bidez. «Ugartek lan handia egin zuen Zarautzen artearenganako zaletasuna sustatzeko, eta uste dugu asko zor diola herriak. Bera izan zen Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa sortu zuena, eta azken urteetan Donostian bizi bazen ere, urtero etortzen zen lehiaketa egunean epaimahaiko kide izateko».

Bestetik, Ugartek Fundacion Amigos del Arte izenekoa sortu zuen 1960eko hamarkadan. «Haurrentzat pintura klaseak antolatzen hasi ziren. Urrats garrantzitsua izan zen hori, garaian ikasleek ez baitzuten artea eta sormena lantzen eskolan», azaldu du Ispilu Arteko arduradun Leticia Eizagirrek.

Artista zarauztarra oso aktiboa izan zen Zarauzko arte mugimenduan.

Erakusketa, bihar arte

Herri mailan lan handia egiteaz gain, arte garaikidean margolari euskaldun garrantzitsuenetakoa izan zen Ugarte. Madrilen (Espainia) eta Parisen (Frantzia) osatu zituen zarauztarrak bere arte ikasketak, eta batean eta bestean jasotako jakintza bere lanetan ikusgai da. Herritarrei Ugarteren lana gerturatzeko eta ezagutarazteko asmoz ireki zuten Ispilu Arte galerian Julian Ugarteren antologia. 1960-1990 erakusketa. Urte horietako lanak bildu dituzte, hala artistaren lanaren errepasoa eginez.

Eizagirrek azaldu duenez, «margolan figuratibo expresionistak» dira Ugarterenak, bodegoiak, paisaiak eta pertsonak margotzen ditu oro har, baina «margolanen bitartez sentipenak eta emozioak azaltzen ditu». Horretaz gain, «kutsu kubista» ere badu bere lanak, «garaian Europan indarrean zeuden mugimenduek ere eragin zioten zarauztarrari».

Koloreei dagokionez, paleta iluna erabiltzen zuen Ugartek. Lehenengo etapan kolore beltza nagusi zen bere lanetan, Frantziako eragina nabarmendu daiteke. Bestela, berdea eta okrea bezalako koloreak nagusitzen dira».

Ispilu Arteko arduradunak azaldu duenez, erakusketa arrakasta izaten ari da. Oraindik ikusi ez dutenek horretarako aukera izango dute, bihar iluntzera bitartean, Ispilu Arte galerian (Gipuzkoa kalea, 24).