Bi domina lortu ditu Etxabek Pistako Espainiako Txapelketan, eta launa Olaizolak eta Aranburuk

Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu dominekin

Espainiako Pistako txapelketak jokatu dituzte asteburuan eskualdeko txirrindulariek, eta bertan izan dira Aizarnazabalgo Gorka Etxabe 23 urtez azpiko ziklista eta Zarauzko Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu gazteak. Galapagarko (Madril, Espainia) belodromoan lehiatu dira joan den astean, igandea bitartean, Euskadiko selekzioa ordezkatuz.

Etxabe eta Zuazubiskar, taldekako jazarpen proban. (Maialen Zuazubiskar)

Etxabek zilarrezko domina eskuratu du Open mailako taldekako jazarpenean, Ander Alonso, Jon Irisarri eta Illart Zuazubiskar taldekideekin. Bestalde, banakako jazarpenean, brontzezko domina lortu du 23 urtez azpiko lehiaketan; eta hamargarren postua, berriz, Open mailan. Lehiaketa horiez gain, Madison eta Scratch probak jokatu ditu, eta laugarren eta hamazazpigarren tokiak eskuratu ditu, hurrenez hurren.

Aizarnazabalgoa "gustura" dago txapelketan eskuratu dituen emaitzekin. Izan ere, lehen urtea da Etxaberentzat Open mailan. "Espero baino hobeto ibili naiz, eta sasoi onean iritsi naiz Espainiako txapelketara", azaldu du hark. Euskadiko lehiaketan ere ondo moldatu zen txirrindularia, eta horrek indarra eman dio Espainiakoari aurre egiteko. Irailean Bartzelonan izango da Etxabe, nazioarteko pistako lehiaketa bat jokatzen. "Maila handia egon ohi da, eta nazioarteko taldeak izaten dira han; Italia, esate baterako", azaldu du. Ondoren, azaro bukaeran hasiko du pistako denboraldia txirrindulariak. Gipuzkoako challengea eta txapelketa jokatuko ditu, eta Frantziako eta Portugalgo lehiaketa batzuetan izango da Aizarnazabalgoa.

Gazteak, proba guztietan domina aterata

Jokatu zituzten proba guztietan domina irabazi du Zarauzko bikoteak, Aratz Olaizolak eta Jokin Aranburuk. Bikoteka txapeldunorde izan da Madison proban, eta gustura itzuli dira Zarauztarra txirrindulari taldeko kideak Pistako Espainiako Txapelketetatik.

Jokin Aranburu, bere aldetik, txapeldun izan zen kilometroko proban, eta brontzezko domina erdietsi zuen Scratchean. Aratz Olaizolak, berriz, zilarra bereganatu zuen puntuaketako proban, eta brontzea jazarpenean.

Taldekako abiadura proban, Julen Mundin pasaiarrarekin batera, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten, aurreko hiru urtetan txapeldun izan ondoren. Aurten aurkari gogorrak izan dituzte modalitate honetan, eta sailkapenean finaletik kanpo geratu ziren. Edonola ere, podiumera igo ahal izan zuten, brontzezko domina janztera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide