Emakumeen Mundu Martxa eskualdean hartzeko lanean hasita daude Urola Kostan

Nerea Uranga 2015ko abu. 6a, 11:11

Emakumeen Mundu Martxako Urola Kostako plataforma sortu berri dute.

Emakumeen Mundu Martxa urriaren 1ean iritsiko da Zumaiara. Urola Kostako plataformak egitarau oso bat osatzeko bilkura deitu du irailaren 3rako Zumaian

Emakumeen Mundu Martxara batzeko lanean hasita daude Urola Kostan. Urriaren 1ean iritsiko da eskualdera karabana, hain zuzen ere Zumaiara. Eskualdeko plataforma sortu berri dute hainbat emakumek eta feministek, eta irailaren 3rako bilkurara deitu dute Zumaiako Gaztetxean.

Emakumeen Mundu Martxa martxoaren 8an hasi zen Kurdistanen eta irailaren 27tik urriaren 4ra bitartean Euskal Herritik igaroko da, Portugalera bidean. Urola Kostatik ere pasatuko da,  urriaren 1ean eguerdian iritsiko da Zumaiara. Eskualdean karabanarekin topagunea Zumaian izango dute, eta Urola Kostako beste herrietatik hara joateko ekintza desberdinak antolatuko dituzte ordurako. Baina, horrekin lotuta Urola Kostan herriz herri egitarau oso bat ere antolatu nahi dute.

Alternatibak proposatuz

Emakumeen Mundu Martxaren helburua, munduan zehar emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio desberdinak salatu eta hauen aurrean alternatibak proposatzea da, hala dio Edurne Epelde Pagolak: «Batez ere larrienak diren gaietan diardu: indarkeria sexista, prekarietatea edo pobrezia... Beti landu izan ditu bi gai horiek». Mundu mailako mobilizazio bat da, baina herri bakoitzean izaera desberdin bat hartzen du.

Aurten, Mundu Martxak elikadura subirautza du ardatz: «Sinbologia osoa elikadura subirautza eta hazien inguruan dihoa. Azkenean, elikadura subirautza alternatiba bezala ikusten delako. Errealitateari aurre egin eta munduko emakume denon egoerari buelta emateko benetako alternatiba moduan planteatzen da. Horregatik, mundu martxa hazien elkartruke batekin irudikatu da», dio Epelde Pagolak. Euskal Herriko herri desberdinetan ere horrekin lotutako hainbat ekintza egin dituzte: landaketak, hazia jaso eta beste herrialde batzuetara eraman...

Hitzordua, irailaren 3an

Euskal Herrian eta Urola Kosta eskualdean bertako errealitatea ikustaraztea dute egitekoa. Horretarako Euskal Herriko Mundu Martxako plataforma karabanara batzeko prestatzen hasi da: ekainean bilera zabala egin zuten 65 lagun bilduz. Eta, Urola Kostan plataforma sortu berri dute. Lehen bilera ekainaren bukaeran Zarautzen egin zuten, eta bertan herri desberdinetako emakumeak eta feministak bildu ziren.

Hala ere, eskualdeko plataforma jende gehiagorengana zabaldu nahi dute. Horretarako Urola Kostako herri guztietako emakumeak eta feministak irailaren 3an, 19:00etan, Zumaiako Gaztetxera animatu dituzte. «Ahalik eta herri, eragile, kolektibo eta norbanako gehienengana iritsi nahi dugu eskualdeko egitarau komun bat sortzeko. Hori izango da irailaren 3ko bilerako lehenengo egitekoa. Eskualdeko herri bakoitzean ekintza edo ekitaldiren bat egiteko».  Zarauztarrak, zumaiarrak, getariarrak, azpeitiarrak eta azkoitiarrak elkartu ziren aurreko bileran; baina irailekoan aiarrak, aizarnazabaldarrak, zestoarrak, oriotarrak, errezildarrak eta beizamarrak biltzea ere nahi dute.

Egunero lanean

Emakumeen Mundu Martxa adin desberdinetako emakumeak batzeko aukera on bat da Epelde Pagolaren esanetan: «Emakumeak konektatzen gaitu hemen Euskal Herrian, hemen herrian eta hemen auzoan eta gu  munduan. Orduan, saretze polit bat irudikatzeko oso-oso aukera polita da emakumeontzat».

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako plataformak ia 15 urte daramazki martxan eta gero eta anitzagoa da. «Denetik dago, eta gero eta saltsa politagoa dago Euskal Herri mailan ere, eta lan polita egiten ari da. Erasoak daudenean, erailketak daudenean salatuz... Iraunkortasun bat dauka. Eta egunero-egunero ari da lanean».

Emakumeen Mundu Martxari eta Euskal Herriko plataformari buruzko informazioa jasotzeko, materiala eskuratzeko eta atxikimendua emateko gunea da: emakumeenmundumartxa.eus