Errefuxatuen aldeko bizikleta martxa egingo dute igandean

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 15a, 08:00
Hotz Zarautz eta Zumaiako Harreraren Aldeko Taldeko kideak, eta Ainhoa Murua eta Jon Unanue triatletak (Aritz Mutiozabal).

Aritzbatalde kiroldegiaren ataritik egingo dute irteera, 10:00etan. Donostian bukatuko da martxa, eta bertan elkarretaratzea eta manifestazioa izango dira ondoren.

Ekainaren 20a Errefuxatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, Gipuzkoako Harreraren Aldeko Plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu igande honetarako, ekainaren 19rako. Elkarretaratzea eta manifestazioa deitu dute Donostiako Bulebarrean, 13:00etan, errefuxatuei elkartasuna adierazteko. Horrez gain, bizikleta martxak antolatu dituzte, Zarauztik, Irundik eta Hernanitik Donostiara abiatuko direnak.

Martxa bakoitzak errefuxiatu kanpaleku baten izena eramago du, eta Zarauztik irtengo dena Lampedusa izango da; Irungoa Idomeni eta Hernanikoa Lesbos. Hiru martxak Bulebarrean elkartuko dira 12:00ak aldean, eta ondoren elkarrekin hiri zirkuitua osatuko dute.

Hotz Zarautz, Zumaiako Harreraren Aldeko Taldea eta hainbat norbanako arduratu dira Zarauztik abiatuko den bizikleta martxaz, eta Ainhoa Murua eta Jon Unanue triatleta zarauztarren babesa jaso dute. Irteera Aritzbatalde kiroldegiaren ataritik egingo dute, 10:00etan, eta ibilbidea honakoa izango da: Orioko zubira 10:20an iritsiko dira; Usurbilera, 10:30ean; Lasartera, Txikierdiko bidegurutzera, 10:45ean, eta ondoren, Donostiara sartuko dira, Añorgatik eta Antiguo auzotik pasata. Herritarrei bertan parte hartzeko dia luzatu diete.