Sanpelaioak 2016

Musika Bandako kide Joxe Isastik eta Joxepe Aristik igoko dute bandera sanpelaiotan

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 15a, 19:50

Sanpelaioetako egitaraua aurkeztu dute Udaberri elkartean (Aritz Mutiozabal).

Helduen danborradan, Elixabete Larrañagari emango diote aurtengo San Pelaio Makila. Aurten estreinakoz erraldoien eta buruhandien topaketa egingo dute San Pelaio Egunez.

Sanpelaioetako egitaraua aurkeztu du arratsaldean Xabier Txurruka alkateak, Udaberri elkartean, danborradan parte hartuko duten hainbat gazte eta heldurekin. Asteburu honetatik hasita, festa giroan murgilduko da herria. Zelai Ondo auzoko jaiak ostiralean abiatu dira eta San Joan Suarekin biribilduko dituzte, hilaren 23an, Mitxelen kalean. Iñurritzan larunbatean ekingo diete sanpelaioei, auzo jai batzordeak antolatutako ohi ekitaldiekin.

San Pelaio jaien hasiera ofiziala, ordea, ekainaren 25ean izango da. Haurren 38. Agerraldia izango da aurtengoa: lau auzotatik aterako dira herriko gaztetxoak danborrak astintzen eta desfilean, 18:30etik hasita. Aurretik, eguerdian, alkateak aginte makila emango dio Danbor Nagusiari udaletxeko balkoian.

Gauean, Helduen Danborradaren txanda izango da, eta aurten elkarte bat gehiago aterako da, Alkartasuna; guztira, 12 elkartek hartuko dute parte. 23:00etan abiatuko dira, ordu erdi geroago Lege Zaharren enparantzan elkartzeko. Danborradako ordezkariek Carballeira elkarteko Elixabete Larrañagari emango diote aurtengo San Pelaio Makila, eta Zarauzko Udalak omenaldi berezia egingo dio Zarauzko Musika Bandari. Horretarako, "bandako bi kide beteranoengan pertsonalizatuko dugu aitortza, eta Joxe Isasti eta Joxepe Aristi izango dira aurten bandera igoko dutenak balkoitik gauerdian", jakitera eman du alkateak. Gainera, Zarauzko Musika Bandak zuzenean joko du San Pelaioren ereserkia, garai batean bezala.

Berrikuntza gisa, erraldoien eta buruhandien lehen topaketa antolatu dute aurten San Pelaio Egunez, ekainaren 26an. Zarauzkoekin batera, Hondarribiko Izugarriak eta Bergarako Erraldoi Taldeak hartuko dute parte. Eguerdian, Lege Zaharren enparantzan elkartuko dira, eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, herritik Iñurritza auzora kalejira aterako dira. Txurrukak "kalejira erraldoi honetan parte hartzera" gonbidatu ditu herritarrak, "guztion gogokoa eta pozgarri" izango delako.

Beste berrikuntzetako bat San Pelaio Bigarrenean izango da, haurren eta nerabeen egunean. Izan ere, nerabeentzat aisialdi parke bat antolatuko dute, ohiko puzgarriez aparte.

Egitarau osoa atxikitako artxiboan ikusgai.