Gabonetako ekitaldiak

Transit eta Uhin, Gabonetako erakusleiho lehiaketako saridunak

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 20a, 15:58

Aurten 25 saltokik hartu dute parte lehiaketan, iaz baino seik gehiagok. Transit dendak jaso du 600 euroko  lehen saria, Zarauzko Udalaren eskutik, eta Uhin dendak, berriz, Murkil elkartean emandako 300 euroko bigarren saria.

Eguerdian egin dute sari banaketa ekitaldia, udalbatzar aretoan, eta bertan elkartu dira lehiaketan parte hartu dutenak. Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak eman ditu ezagutzera sarituen izenak, eta, bide batez,  eskerrak eman dizkie dendariei, "herria janzten duzuelako zuen erakusleihoekin, eta, era berean, bizia ematen diozuelako".

Xabier Txurruka alkateak ere parte-hartzaileak eskertu nahi izan ditu: "Badakigu nolako lana suposatzen duen, baina zer ilusio sortzen duen erakusleihoa jartzeak. Saria banatzen joan ahala, jende gehiago animatzen joango dela pentsatzen dugu, aurten gertatu den bezala. Ea datorren urtean gehiago garen eta herria dotoretzen dugun". Era berean, herritarrak herrian kontsumitzera bultzatzeko udalak abian jarritako kanpaina berria aipatu du.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Artezaleakeko Karmen Agirretxek, iazko irabazle Optika Zarautzeko kideak, Murkil elkarteko ordezkari batek eta Larrañagak berak udaleko ordezkari moduan.