Martxoak 8ko kartelen irabazleak saritu dituzte

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 24a, 13:23

Ezkerretik hasita, Edurne Urbieta, Gloria Vazquez, Emmanuel Zendoia, Irene Irureta, Karmele GorroƱo eta Julen Aranguren (Aritz Mutiozabal).

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Parekidetasun Departamentuak 9. kartel lehiaketa antolatu du, eta Irene Irureta zumaiarrak eta Karmele Gorroño galdakaotarrak osatutako bikoak jaso du epaimahaiak emandako 400 euroko saria. Orioko bizilagun Emmanuel Zendoia zarauztarrak, berriz, publikoaren 200 euroko saria bereganatu du. Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia, Merkatu plazako lehen solairuan.

Kartel lehiaketa hutsa baino gehiago dela azpimarratu nahi izan du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek: "Emakumeok jasaten dugun diskriminazioa salatzeko eta berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa zabaltzeko egitasmo garrantzitsua da".

Lehiaketara aurkeztutako 42 kartelekin erakusketa ireki dute Merkatu plazan bertan, eta martxoaren 12a bitartean ikusi ahal izango dute herritarrek. "Kartel bakoitzaren atzean pertsona bat egon da hausnarketa bat egiten emakumeen eta gizoneen arteko berdintasunaren inguruan. Baita irudimena eta gogoa jartze ere. Hori guztia balorean jartzeko erabaki dugu erakusketa antolatzea eta aurkeztutako lanak herritarrei erakustea", aditzera eman du Vazquezek, parte hartzaile guztiei eskerrak emanez.

Ondorengoak izan dira lehiaketako epaimahaia osatu duten kideak: Artezaleakeko zuzendari Karmen Agirretxe, udaleko erakusketa arduradun Miriam Gonzalez Txabarri, Gizarte Zerbitzuetako teknikari Julen Aranguren, Parekidetasun teknikari Edurne Urbieta eta Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquez.