Kiroldegiko langileen auzia

Kiroldegiko langileek hiru egunetako lanuztea egingo dute

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 1a, 17:05

Lanuzteekin jarraituko dute kiroldegiko langileek hurrengo egunetan (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Hirugarren aldiz, BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek greba deitu dute, ELA sindikatuaren babesarekin. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean egun osoko lanuzteak egingo dituzte, martxoaren 2tik 4ra. BPXport enpresarekin bildu dira gaur arratsaldean.

"Hamar egun hauetan ez dugu proposamen zehatzik jaso, eta gaur eguerdian BPXport enpresaren deia jaso dugu, 17:00etan bilera bat egiteko. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina argi dugu interlokuzio hori enpresarekin baino udalarekin egin behar dugula", argia izan da bere adierazpenetan Urola Kostako ELAko ordezkari Janire Diaz.

Enpresarekin eserita egongo dira une honetan, eta haien aldetik proposamenen bat jasotzea espero dute. "Guk eskatzen dugun guztia jasotzen duen lan hitzarmen bat lortuz gero, berri positiboa izango litzateke". Hala ere, "ardura zuzena" udalarena dela nabarmendu du ELAko ordezkariak, "pleguak publikatzera beraiek bidali dituztelako" eta "aterako diren baldintza ekonomikoen terminoak beraiek erabaki dituztelako".

Bere esanetan, "lanuzteak eta mobilizazioak amaitutzak joko ditugu guk nahi ditugun terminoetan sinatzen dugunean hitzarmena eta udalaren plegutan jasota geratzen diren momentuan. Udalak ardura hori hartzen ez badu, gure arazoa ez da konponduko". Hitzarmena sinatu eta udalak plegutan jasotzeko konpromisoa hartu arte, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute langileek.

Egunotako mobilizazioak:

Martxoak 2, osteguna
06:00etatik 09:00ak aldera arte, kiroldegiko sarreran bilduko dira langileak.
17:00etan, auto karabana herrian zehar.

Martxoak 3, ostirala
08:00etatik 10:00ak aldera arte, kiroldegiko sarreran bilduko dira langileak.
17:00etan, kiroldegiko sarreran bilduko dira langileak.
19:00etan, elkarretaratzea udaletxe aurrean. Herritarrei deialdi zabala egin diete.

Martxoak 4, larunbata
08:00etan, kiroldegiko sarreran bilduko dira langileak.
10:00ak aldean, bizikleta martxa ikastetxez ikastetxe.