Omenaldia bihurtu da 'Txapasen kaxa magikoa' liburu-diskoaren aurkezpena

Gorka Eizagirre | Juan Luis Romatet 2023ko aza. 11a, 17:37

Txapasen kaxa magikoa disko-liburua aurkeztu dute gaur goizean Modelo aretoan egin den ekitaldian. 

Irakaslea, musikaria, konpositorea, herrigintzako sinesle sutsua, Josu Txapartegiren mila eta bat aurpegi jaso dituzte Txapasen kaxa magikoa disko-liburuan. Gaur goizean egin dute argitalpenaren aurkezpena modelo aretoan. Bertan izan dira proiektuaren sustatzaile Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, ipuinaren egile Arantxa Urbe eta musiken konposatzaile Xabier Zabala. Barre egiteko aukera ugari izan dute bertaratu direnek, baina une hunkigarriak eta negar malko bat edo beste ere izan dira ekitaldian zehar.

Aurkezpena hasi aurretik jendetza zegoen areto kanpoaldean. Gonbidapenak agortuta zeuden, eta kultur eta hezkuntza eragileak, elkarteetako kideak, herritarra, oro har, gogotsu zeuden ekitaldian zer aurkituko zuten zain. Txapasi egindako omenaldi gisa ikus daiteke bere bizitzaren zatiak biltzen dituen ipuin ilustratua –Irrimarrako Karmele Gorroñok egin ditu marrazkiak– eta diskoan biltzen diren hamasei abestiak. Ekitaldia bera ere Txapasi egindako omenaldia izan da, eta berak idatzitako hainbat abesti kantatzeko aukera izan dute haurrek zein helduek.

Amaieran, Irune Urbieta zinegotziak sorkuntza proiektu honetan parte hartu duten guztiei eskerrak eman die. "Proposamena heldu zitzaigunean gustura hartu genuen, herriko seme bati buruzkoa zelako, eta ahal genuen laguntza eman genuen". Bere irakaslea ere izan zela gogoratu du eta pozik agertu da bai ipuinarekin, bai musikarekin ere.

Kontxi Aizarnak, berriz, aipatu du hitz batzuk esateko gonbidatu zutenean berehala esan zuela baietz, "beraiei [pailazoei] edo Txapas zerbait eskatu diodanean beti esan didate eta baietz". Ekitaldian zehar gogoratu dute Txapartegik egindako lana hezkuntza edo kultura arloetan. Aizarnak Txapasen beste alderdi bat ere nabarmendu nahi izan du: "Txapasengatik esango nuke ez zaiola inoiz idealik falta izan. Euskal baloreak xamurtasunarekin transmititu ditu".

Behin Modeloko ekitaldia amaituta, kantu kalejiran abiatu dira Musika plazara eta han jarraitu du festak.