Zarautz Arraun Elkarteak hainbat ekimen prestatu ditu Gabonetarako

Urola Kostako Hitza 2014ko abe. 17a, 10:44

Gabonei begira, «lehorreko» hainbat ekimen prestatu ditu ZAEk. Gogoratu du Arrona Zaharrean zabalik dutela bigarren eskuko azoka, astelehenetik ostiralera 17:00-20:00 artean eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 13:00etara. Halaber, egutegia ere atera du aurten, arraun eta moila inguruko irudiez osatuta. Bi euroan dago salgai Lizardi dendan, Olatxo harategian, Laguntasunan, Itxas Mendi eta Vista Alegreko okindegietan, Eroski txikian, Laian, Pedro Enean, AF irudiak dendan eta gasolindegietan.

Era berean,  urtero bezala Gabon Gauean eta Urte Zaharretan  sari bikainak zozketatuko dituzte. Txartelak euro batean salgai daude dagoeneko. Garai honetako zozketa ZAErentzat beharrezkoa den bultzada hartzekoa izaten dela nabarmendu dute.

Lehorrean ez ezik, uretan ere ari dira lanean. Arraunlariak dagoeneko uretan murgilduta daude, Gipuzkoako aulki mugikorreko distantzia luzeko txapelketa jokatuko dute larunbatean Bidasoa ibaian.