Nafarrek aspaldiko ohitura dute Gipuzkoako jendeoi probintziakoak deitzekoa, eta horrek badu halako kutsu desatsegina. Halakoetan hurbiltzen zaizkigu esanez bezala: zuek gure erresumatik kanpokoak zarete, zuek ez zarete guretakoak.

Okerrena da horretarako eta gehiagoetarako arrazoi ematen diegula.

Hona hemen adibide bat.

Aste Nagusian afixak jarri dituzte Donostian esanez hiriko hainbat pertsona, elkarte eta erakunde Donostiako Metroa deitutako proiektu berpiztu berriaren aurka daudela. Eta arrazoiak ematen dituzte zergatik ez duten Metro hori nahi, hemen errepikatuko ez ditudanak Donostiako Metroaren aurkako plataformak garbi asko adierazi dituelako. Badakit arrazoi politikoak daudela asmo horren atzean, eta aurreko lau urtetan hainbaten hitzek eta lumek erakutsi diguten Donostia zabortsua eta zikina hiri garbi, desinfektatu eta kosmopolita bilakatu nahi digutela bat-batean. Baina ez naiz horretan ere sartuko. Metroaren adibidea oinarri hartuko dut gogoetatxo bat egiteko. Besterik ez. Izan ere, Metroaren hau kasu bat gehiago besterik ez da, beste askoren artean: badago probintzia munduko zilbor bakar eta nagusi hartzeko joera gure artean.

Gipuzkoarra izanez gero, Realekoa izateaz gain, badagokizu Pasaiako portu erraldoiaren alde egotea, Hondarribiko aireportua handiagotzea hobestea, Irunen feria-eremu ezinbestekotzat jotzea eta Donostiako Metroa aldarrikatzea (bestela dena Bilbok bereganatuko duelako, edo horrelako zerbait).

Sineskor samarra bazara, pentsatuko duzu denok ezagutzen dugun talde editorial egunkari-saltzaile nagusiaren joera bat besterik ez dela hori, zaborraren gerra edo alarma soziala pizten duten beste hainbat konturen antzera, baina zaude ziur hori baino zabalduagoa dagoela joera probintzianista hori. Hezurreraino sartu digute gure txokoarekiko gezurrezko harrotasun inozo hori. Jende asko da dagoeneko odolean daramana, eta konturatu ere egiten ez dena, edo, okerrago oraindik, konturatu nahi ez duena.

Zenbait donostiar Metro koxkeroaren aurkako arrazoiak ematen hasi zirenean, politikari batzuek esan zuten etorkizun batean Zarautzaino iritsiko zen Metroa zutela asmo, ez bakarrik Donostiako kasko barruko egitasmo zahar hura. Horrek kontua aldatuko balu bezala. Berdintsu dio Kontxako geltokiak bakarrik izan, edo turistei bidea Zarautzaino luzatuko diotena eraiki. Berriz ere probintziako zilborrera begira ari dira.

Sarri-sarri ibiliko diren trenak antolatzeko asmo hori benetakoa bada (deitu Metro edo deitu nahi den bezala), Donostiatik Bilborako asmoak dira aipatzekoak, eta ez «Bilbok baduenez guk ere nahi dugu gurea» dirudien kasketaldiaren antzeko joko politiko hori.

Ikuspegi nazionala duen alderdia izanez gero, gainera, oraindik ere gorago jo beharko litzateke kukurrukua; eskatu beharko genuke: Baionatik Bilbora, Lasartetik Altsasura, Debatik Gasteiza, Gasteiztik Iruñera edo Tuterara…

Baina hain urrutira joan gabe, politikoak herrialdeak beste herrialdeekin konektatzea eduki beharko lukete buruan, probintziak probintziekin, eta ez ibili bakoitza bere txokoari eta bere txokokeriari helduta.

Hor dugu, esaterako, Gipuzkoan Mugi txartela, Barik Bizkaian eta Bat Araban. Eta hori Euskal Autonomia Erkidegotik irten gabe. Hortik kanpo, Nafarroarantz edo Iparralderantz Gipuzkoatik mugitzeko erarik ba al dago automobilik gabe, edota bidaia egiteko egun-pasa hartu gabe?

Halako batean Nafarroara joan eta nafarren batek probintziakoa deituz gero, esan arrazoi osoa duela, baina galdetu ea bera ere ez dagoen bere erresumaren erdiko zilari begira, eta, sermoiarekin amaitzeko: saiatu gure buruetan gero eta sendoago errotuta daukagun probintzianismo gaixo hori sustraietatik erauzten. Halabiz. Amen.