"Egungo egoera ez da samurra, baina oraindik ez da berandu"

Izaskun Urbieta 2015ko urr. 16a, 12:19

Zumaian, olagarroa da presioa gehien jasaten duen espezietako bat (Xabier Mina)

Zumaiako Aste Mikologikoa bioaniztasunaren garrantziari buruzko hitzaldi batekin hasi zen, herenegun. Bertan Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteko Aitziber Sarobe eta Zumaiako Natur Taldeko Aitor Leiza aritu ziren hizlari.

Saroberen hitzetan, «bizitza ederra da, eta horregatik zaindu egin behar dugu gure ingurumena».

Bioaniztasuna, planetan dauden bizidunek eta beraien arteko harremanek osatzen duten multzoa da. «Ingurumena kontserbatzeko hainbat arrazoi daude, eta horregatik kontzientziatu egin behar gara», aipatu zuen.

Arrazoi moralak, estetikoak, kulturalak, ekonomikoak eta bitalak daude. «Gizakiok animaliak gara eta gure biziraupena ziurtatzeko beste izaki bizidunekiko menpekotasuna dugu», esan zuen. «Horrez gain, gizakion kontzientzian beste bizidunekiko loturak bilatzea eta bioaniztasunarekiko harremanak sendotzea aurkitzen da. Bitala da hori», gaineratu zuen.

Gizakiaren eraginez, iraungipen data azkartu egin da. «Espezien iraungipena mila aldiz azkartu da azken urteotan, eta horrek 30.000 espezie desagertzeko zorian egotea ekarri du», adierazi zuen. Egoera ez da samurra, «baina oraindik ez da berandu», Saroberen arabera.

Zein dira gaur egungo arazo global garrantzitsuenak? Beroketa globala, klima aldaketa, hondakinak, espezie arrotz  inbaditzaileak... «Baina ezin gara ahaztu tokian tokiko arazoekin. Esaterako, natur baliabideen gehiegizko ustiapenarekin, arrantzarekin eta ehizarekin, kutsadurarekin...».

Gizartean baina, moralki, gero eta kontzientzia gehiago dago gai hauen inguruan. «Kontserbazioan dago gakoa eta horretarako EAEko Natura Babesteko 16/1994ko legea garrantzitsua izan da. Lege honen garapenari esker parke naturalak, biotopo babestuak, eta abar izendatu dira. Hirietako eta herrietako lurralde plangintzetan ere bioaniztasunarekiko kezka agertu da. «Ardura hor dago, administrazioek tresnak sortu dituzte, baina oraindik gauza asko dago egiteko», esan zuen.

Zumaiako bioaniztasuna

«Zumaiako ingurumena aberasgarria eta zabala da, baina historikoki mehatxuak jasan ditu», aipatu zuen Leizak. Ingurumenak beti sufritu izan ditu gizakiaren mehatxuak, eta adibide esanguratsuak izan dira Zumaian: «Sakoneta aldean zentral nuklearra egin nahi izan zuten, eta baita aireportu bat ere».

Azaleraz Zumaia txikia da, baina ekologikoki aberatsa. «Itsasoa da, bertako hegaztiekin eta arrainekin, dugun aberastasun nagusienetakoa. Horrekin batera, labarrak, belardiak, duna, padura...».

Baina mehatxuak ez dira  bukatu. Etorkizun hurbilean hainbat arazori erantzuteko gai izan beharra dago Leizaren arabera: «Airearen eta uraren kalitatea, gehiegizko urbanizazioa, turismo ez jasangarria... Erronka handiak ditugu herrian bertan, eta bakoitzak bere lana ondo egitea lortu behar dugu».