1.350.000 euro inbertituko dituzte Astiko azpiegiturak hobetzeko

Zarauzko Hitza 2016ko mar. 22a, 16:16
San Martin Kirol zinegotzia eta Txurruka alkatea. (E. Albizu Lizaso)

Errugbi taldeari eragingo diete, batik bat, doikuntzek. Lan hauek egingo dituzte: eraikina handitu, aldagela berriak egin eta harmailak estali. Uda inguruan hasiko dira obrekin, eta lanak zazpi edo zortzi hilabeteetan bukatuko dituztela esan dute.

Asti kirolgunean zenbait hobekuntza egiteko plana onartu du behin-behinean Zarauzko Udalak. Proiektuari Hiri Berrikuntzako Plan Berezia deitu diote. Lan horiek, gehien bat, errugbi taldeko guneari eragingo diete. Izan ere, udalak jakinarazi du erantzuna eman nahi diela taldeak duen "mailari" eta "kirolari kopuruari". Honako lanak egingo dituzte: errugbi zelaiko eraikina handitu, ikusleentzat harmailak estali eta aldagela berriak egin.

Aldagela berriak egiteko, bota egingo dute lehendik zegoen azpiegitura, eta 1.200 metro koadroko gune berria eraikiko dute. Xabier Txurruka alkateak esan duenez, sei aldagela eta gimnasio bat egingo dituzte, eta bestelako gela eta biltegientzat ere lekua utziko dute. Lehendik zegoen gela bat soilik utziko dute bere horretan: biomasa gela, duela bi agintaldi eginikoa. "Aldagelak berritzea ere aztertu genuen. Halere, arkitektoekin egoera baloratu ostean, ikusi genuen hobe zela guztia bota, eta berriro eraikitzea", azaldu du Txurrukak.

Lan horiek 1.350.000 euroko aurrekontua dute, eta uda inguruan hasiko dira obrekin. Gutxi gorabehera, zazpi edo zortzi hilabeteko iraupena izango dute lanek. Tarte horretan hasiko da kirol denboraldia, eta "aztertu" egin beharko dute kirolarientzat lekua non egin. Dena dela, alkateak esan du "denentzat lekua" egongo dela, eta aldagelen banaketa nola moldatu pentsatzen ari direla dagoeneko.

Iban San Martin Kirol zinegotziak adierazi duenez, aurreikusia dute Aldundiak 300.000 euroko laguntza ematea, lanak egiteko. Horrez gain, Futbol Federazioak ere eman dizkie 120.000 euro proiektua gauzatzeko. "Jaurlaritzarekin ere hizketan ari gara laguntzaren bat lortuko ote genukeen jakiteko", gehitu du Txurrukak.

Alkateak esan du "inbertsio handia" dela, baina "beharrezkoa". Lehen onarpena eman diote, eta 20 egunez jendaurrean eduki ostean, Aldundiko eta Jaurlaritzako teknikarien iritzia jasoko dute. Azken onarpena, udalbatzan emango zaio proiektuari.

Argindarra ere indartuko dute

Obrez gain, San Martinek azaldu du energia elektrikoa ere indartuko dutela. Izan ere, zinegotziaren arabera, "eskas samarra" da gaur egungo potentzia elektrikoa. 145 kilovatio ingurukoa da instalatutako indarra, eta 300 kilovatiotara igotzea dute helburu, "epe laburrera".