Bi Harri txapelketa jokatuko dute larunbatean hamazazpi harri-jasotzailek

Zarauzko hitza 2016ko mar. 24a, 15:32
Jai Txiki eta Mollarri harriak. (Zarauzko Kirol Elkartea)

17:00etan da hitzordua, Aritzbatalde kiroldegian. Sarrerak hamabi euro balio ditu; sei euro, Zarautz Kirol Elkarteko txartelarekin. Zarauzko zazpi kirolari arituko dira lanean.

Bi Harri txapelketa jokatuko dute Aritzbatalde pilotalekuan larunbat arratsaldean. Zarauzko arroketan, itsas beheran, jasotako bi harri baldar altxa beharko dituzte hamazazpi harri-jasotzailek: Jai Txiki harri koadroa, 117 kilokoa, eta Mollarri harri oboidea, 121 kilokoa. Txandaka jaso beharko dituzte zazpi minutuz, bakoitzak aukeratutako ordenean. Harri horiek bere horretan mantendu dituzte, naturalak dira, inolako aldaketarik pairatu ez dutenak.

Hamabi euro balio dute sarrerek, baina Zarautz Kirol Elkarteko txartela dutenek aukera izango dute sei eurotan erosteko, erdi prezioan. 12 urtetik beherako haur eta gaztetxoek doan dute sarrera. Gutxi gorabehera 800 lagunentzat tokia egongo da kiroldegian.

Parte-hartzaileak

Honakoak dira lehiaketan parte hartuko duten zarauztarrak: Jokin Eizmendi, Mikel Lopetegi Urra, Iñigo Eizagirre Eiza eta Aia eta Zarauzko Izeta familia; Agustin Iruretagoiena Izeta I.a, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a.

Zarauztarrez gain, honakoek parte hartuko dute: Xabier Peñagarikano Erreuzta aizarnazabaldarrak; Iagoba Otaegi aizarnarrak, Joseba Ostolaza zestoarrak, Aimar Galarraga oriotarrak, Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak, Josetxo Urrutia leitzarrak, Urtzi eta Beñat Telleria urnietarrek, Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak eta Sergio Mielgo madrildarrak (Espainia).

Antolatzaileek azaldu dutenez, harri-jasotzearen "jarraikortasunari" lagundu nahi diote txapelketarekin. "Txapelketa honekin, emaitzaren aurreko zirrara sortarazteaz gain, komunitatearen elkartasuna eta parte-hartze sentimenduak ere sustatuko dira", azaldu dute antolatzaileek. 

Igeldoko harriarekin alderatu dituzte Zarauzkoak, eta haien "ondorengo" izatea nahi luketela esan dute, estropadetan Zarauzko bandera "Kontxakoaren hurrengoa" den bezala. Ekitaldia ondo ateraz gero, urtez urte eutsi nahi diote.