Ardoaren mundua ezagutzeko

Aritz Mutiozabal 2016ko api. 8a, 12:00
Musika Plazan jarriko dituzte postuak herriko ardotegiek. Amaia ventas Aldabaldetreku

Zurekin Zarauzko Osatalarien Elkarteak Ardo Eguna antolatu du biharko, Turismo Bulegoaren babesarekin. Eguerdian ospatuko dute Musika plazan, 12:00etatik aurrera.

Udaberria etortzearekin batera, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak Ardo Eguna antolatu ohi du Turismo bulegoaren babesarekin. Aurtengoa bosgarren aldia dute, eta bihar eguerdian ospatuko dute Musika Plazan, 12:00etatik 14:30ak aldera arte. Ekitaldia herrian ongi errotu dela dio elkarteko kide Igor Azpitartek, eta urtero antzeko dinamikari jarraitzen badio ere, bere sorreratik aldaketa batzuk izan dituela. «Pintxo lehiaketak eta tailerrak egin izan ditugu, Pintxo Astearekin bateratuta. Azkenaldian, ordea, Ardo Eguna antolatzera mugatu gara».

Lukas eta Borda ardotegiek eta Mitarte upategiak jarriko dute postua. Hamar bat ardo mota dastatzeko aukera eskainiko dute, hainbat jatorri izenetakoak. «Ezezagunak diren ardoak ekartzeko gomendatu diegu. Tabernetan topatu daitezken horietaz aparte daudenak. Gure asmoa ez da dastaketa bakarrik egitea, baizik eta ardoaren munduan dagoen aukera zabala ezagutzera ematea», azaldu du Zurekineko kideak. Aurreko urteetan, besteak beste, izan dituzte bermutak, cavak, ardo italiarrak edo moskatelak. «Egunero hartzen ez ditugunak, alegia».

Edatekoaz gain, jatekoa ere eskainiko dute. Iaz Jesus Palacios urdaiazpiko moztaile gasteiztarra eta Aiako Lokate gaztagilea izan zituzten, eta haiek eskainitako pintxoek harrera ona izan zutenez, aurten haiekin kontatzea erabaki dute.

Edalontzia sei euroan
Bertaratzen direnek sei euroan erosi ahal izango dute edalontzia, eta, horrekin, sei ardo eta urdaiazpiko edo gazta platertxo bat dastatzeko aukera izango dute; jatekoa aparte erosteko aukera ere izango da, gainera. Iaz, esaterako, 600 edalontzi saldu zituzten gutxi gorabehera.

Ekitaldia arrakastatsua izan ohi dela nabarmendu du Azpitartek. «Gehien bat zarauztarrak dira gerturatzen direnak. Agian, gustatuko litzaiguke kanpotik jende gehiago etortzea, oihartzun gehiago izatea, baina normalean herritarrekin eta herriko giroarekin hornitzen da festa».

Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak nabarmendu duenez, Ardo Egunarekin herritarrek «eguerdi ederra» igarotzea nahi dute, eta bisitariak erakartzea, «egun pasa bikaina egiteko». Hori horrela, guztiei luzatu die ekitaldian parte hartzeko gonbidapena.