Suhiltzaileen bizikleta martxa Zarautzera iritsiko da gaur arratsaldean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko api. 12a, 08:00
Zarauzko Suhiltzaile Etxearen kanpoaldea. (Aiora Larrañaga)


Herritarrak Suhiltzaileen Lege berriaren hutsuneez ohartarazi nahi dituzte.


Eusko Jaurlaritzak Suhiltzaileen Lege berria onartu nahi du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaileek uste dute horrek egungo zerbitzua «okertuko» duela, eta ez diola suhiltzaileek dituzten arazoei irtenbiderik emango. Horregatik, herritarrak legearen hutsuneez kontzientziatzeko eta Eusko Jaurlaritzari lege-proiektua bertan behera uzteko eskatzeko Suhiltzaileen Martxa egingo dute gaurtik ostiralera bitartean.

Gipuzkoarrek gaur 11:00etan abiatuko dute ekimena Iruneko udaletxe aurretik, eta Donostiatik pasatu ondoren, 17:00etan iritsiko da martxa Zarauzko Suhiltzaile Etxera. Herrian zehar ibilbidetxoa egitea dute asmoa, eta herritarrak ekimenarekin bat egitera animatu dituzte suhilzaileek. «Ekimena irekia da, baimenak eskatuta ditugu, eta nahi izanez gero herritarrek oinez nahiz bizikletan egin dezakete bat Suhiltzaileen Martxarekin», esan dute.

Ondoren, Itxasmendiko parkean haurrei zuzendutako ekintzak eskainiko dituzte: jolasak, ur jokoak, argazkia ateratzeko aukera, baita suhiltzaileek lanerako erabiltzen duten materiala bertatik bertara ezagutzekoa ere. «Orain arte gure aldarria zabaltzeko manifestazioak egin ditugu, baina ez dugu lortu komunikabideetan nahikoa oihartzun izaterik. Horregatik, gure aldarrikapena beste modu batera egitea erabaki dugu, bizikleta martxaren bidez hain zuzen ere» azaldu du Iñaki Zorita suhiltzaile zumaiarrak.

Gaurkoa lehen etapa
Hiru etapa izango ditu Suhiltzaileen Martxak. Gaur izango da lehen etapa, eta Irun-Donostia-Zarautz ibilbidea egingo dute; bihar, 13:00etan Zarauzko Suhiltzaile Etxetik aterako dira, eta Zumaia eta Azpeitia igaro ondoren, Eibargo Untzaga plazan bukatuko dute. Eta ostegunean, 14:00etan hasita Eibar-Aretxabaleta-Arrasate ibilbidea egingo dute. Bertan Bizkaiako suhiltzaileekin elkartuko dira gipuzkoarrak eta elkarrekin Arrasateko Sebero Altube Plazara joango dira.

Suhiltzaileek argi utzi nahi dute, Suhiltzaileen Legea izatea «beharrezkoa» iruditzen zaiela, baina ez daude ados aurkeztu duten lege proiektuarekin. «Bertan ez da lanbidearen zehaztasunik agertzen, ez da adierazten gure ardurak eta lan eremuak zeintzuk diren, lege huts bat da. Guk eskatzen dugu zehaztea, besteak beste, sute bat dagoenean zenbat suhiltzailek joan behar duten bertara, edo zenbat denboran iritsi beharko genukeen sutea dagoen gunera esaterako», adierazi du Iñaki Zorita suhiltzaile zumaiarrak.

Gainera, suhiltzaileek uste dute legeak suhiltzaile etxeek 24 ordutan zabalik egon behar dutela argi utzi behar duela. «Gipuzkoan eta Bizkaian 24 orduz daude zabalik, baina Arabako hainbat herritan egunez bakarrik egoten dira irekita».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen lege berrian lanaldi murriztuko suhiltzaileen figura ere agertzen da. «Uste dugu horrek suhiltzaileen zerbitzua okertuko duela, eta zerbitzua pribatizatzeari atea irekiko diola. Suhiltzaileok esku-hartzeak egiteaz gain, gure lanerako prestatuta egon behar dugu, mantenu lanak egin eta formazioa jaso. Lanaldi murriztuko suhiltzaileek berriz ezingo lukete lan osagarri hori egin, eta zerbitzua nabarmen okertuko litzateke, eta horrek gizarte osoa kaltetuko luke», azaldu dute.