Salbatore Mitxelena lehiaketako sariak banatuko dituzte gaur

Zarauzko Hitza 2016ko api. 29a, 08:00
Duela bi urteko Salbatore Mitxelena lehiaketako saridunak (Ainara Lozano).

Ekitaldia 19:00etan izango da, Modelo aretoan. Aurten 712 literatur lan aurkeztu dituzte.

Herriko haur eta gazteengan idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz antolatu ohi du sariketa Zarauzko Udaleko Hezkuntza departamentuak. Aurten XXXIV. aldia izan da, eta herriko haur eta gaztetxoen lan ugari jaso dituztela azaldu dute: 712 literatur lan; hau da, 558 ipuin eta 154 olerki. "Aurten ere benetan emankorra izan da haien jarduna".

Epaimahaia ondorego hauek osatu dute: Amaia Mendoza, Oteitza Lizeoko ordezkaria; Marina Aranzabal, Lizardi Institutuko ordezkaria; Idoia Artola, La Salle ikastetxeko ordezkaria; Maribi Gurrutxaga, Orokieta Herri Eskolako ordezkaria; Arantza Laskibar, Antoniano ikastetxeko ordezkaria; Miriam Mendoza, Salbatore Mitxelena Ikastolako ordezkaria; eta Bertol Arrieta eta Samara Velte idazleak.

Sari banaketa ekitaldia gaur arratsaldean izango da Modelo aretoan, 19:00etan hasita. Sariak dirutan eta liburutan jasoko dituzte, eta txikienek oroigarriak ere izango dituzte. Ohi bezala, saritutako ipuin eta olerki guztiak liburu batean emango dituzte argitara.