Zarautzera helduko da Emusik jaialdia bihar

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 5a, 12:00
Amsterdam Youth Symphony Orchestrak hartuko du parte biharko ekitaldian, besteak beste.

Herrialde ezberdinetako 160 musikarik emanaldia eskainiko dute ikastolan, Europako musika eskolen jaialdiaren barruan.

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitarauaren barruan antolatu dute Emusik Europako musika eskolen jaialdia. 26 herrialdetako 10.500 musikari bilduko ditu, eta askotariko ekitaldiak izango dira. Horien artean, bat Zarautzen. Ostiralean 160 musikari helduko dira herrira, Salbatore Mitxelena ikastolan emanaldia eskaintzeko. 17:45ean izango da eta Jazz Focus Big Band (Herbehereak), Big Band der Judgendmusikschule Backnang (Alemania), Liechtensteinische Musikaschule (Liechtenstein) eta Amsterdam Youth Symphony Orchestra (Holanda) taldeek hartuko dute parte. 

Ordu berean, San Pelaio ermitan Block­ötenemsemble, Jugendblasorchester der Stadt Backnang (Alemania) eta Quer­ötenensemble Ensemble quergespielt (Alemania) taldeak ariko dira.

Aurrez, 17:00etan kalejira egingo dute herriko ikasleek Imanol Urbieta musika eskolatik ikastolara. Kanpotik etorritako musikariei harrera egin ondoren, dantza saioa eskainiko dute musika eskolako ikasleek. Marina Lertxundi Imanol Urbieta musika eskolako zuzendariak herritarrak gonbidatu ditu "ekitaldi berezi honekin gozatzera": "Urtean zehar lanean aritu diren musikarientzat oparia izango da gure herrialdera etortzea eta bizilagunei ikastolara bertaratzeko eskatu nahi diet, zarauztarron berotasuna eta musikarako zaletasuna senti dezaten”. Haren arabera, horrelako ekitaldiak “oso aberasgarriak” dira, “herrialde ezberdinetako ikasleek elkar ezagutzeko aukera eskaintzen duelako”.

Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek aitortu du "ohore bat" dela "herrialde ezberdinetako hainbeste ikasle gurean izatea". "Emanaldi ederra izango da, ziur, eta gogoz gaude entzuteko. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditut bertaratzera”.