EH Bildu: "Proiektu hau baimentzeak atea zabal diezaioke inguru osoa urbanizatzeari"

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 5a, 17:42
EH Bilduko ordezkariak, gaurko agerraldian.

Koalizioak alegazioak jarri ditu lurzoru urbanizaezinean diziplina anitzeko prestakuntza zentroa eraikitzearen aurka.

Apirilaren 28an amaitu zen lurzoru urbaezinean surfaren inguruan diziplina anitzeko prestakuntza zentroa eraikitzearen inguruan alegazioak aurkezteko epea. EH Bilduk aurkeztu ditu eta baita beste hainbat eragilek ere, tartean Irabazi Zarautz udal taldeak. «Horrek agerian uzten du, batetik, herritarren kezka, eta bestetik, EAJ eta PSE-EEk baimendu nahi duten proiektuak gauzagarri izateko hainbat hutsune eta zalantza dituela», nabarmendu du EH Bilduko Naiara Carvajalek.

Argitu du ez dutela ezer proiektuaren aurka; bai, ordea, kokapenaren kontra. «Proiektu hau baimentzeak atea zabal diezaioke inguru osoa urbanizatzeari eta, urte gutxian, espainiar estatuko hegoaldean hain ugariak diren etxe eta hotelez jositako paisaia izan genezake Zarautzen ere», dio.

Ingurumen teknikariaren txostenean oinarrituta egin ditu koalizioak alegazioak. «Txostenean azaltzen den moduan, proiektuak ez du justifikatzen lurzoru berriak okupatu eta artifizializatzeko ezinbesteko beharra, eta natura baliabideei atzeraezinezko eragina sortzen die», azaldu du Mikel Goenagak. «Salbuespena posible izango litzateke bere izaeragatik eta ezaugarriengatik nahitaez landa ingurunean kokatu behar diren proiektuentzat". Hipika zentro bat jarri du adibide gisa. Haren arabera, surfaren inguruan diziplina anitzeko prestakuntza zentroaren kasuan, ordea, ez da hori agertzen. "Herri onurarako izendapena jasoko balu ere, ez luke araua beteko».

"Interesgarria ala interes publikokoa"
EH Bilduko ordezkariak argitu du proiektuak ez duela «sekula» interes publiko izendapena jaso: «Ez da gauza bera proiektua interesgarria izatea edo interes publikokoa izatea». Salbuespen kasuetan nekazal sektorean izan duen eraginaren inguruko azterketa aurkeztea «beharrezkoa» dela gaineratu du, baina kasu honetan ez dela halakorik txertatu proiektuaren Plan Berezian.

Halaber, gogoratu du Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Arloko Planak Balio Estrategiko Altua duten kategorian sartu zuela gune hori, eta Jaurlaritzak 2008an Iñurritzako biotopoa babesteko gune periferikoan sartu zuela. Planak oraindik ez du behin betiko onespenik jaso, baina jakinarazi du oraindik ere indarrean dagoela, eta ondorioz, ezarri daitekeela.

«Proiektu hau bateraezina da Udal Gobernuak estrategikotzat duen Eraztun Berde Urdinaren egitasmoarekin. Bere helburu nagusia balio natural handiko guneak eta beren biodibertsitatea kontserbatzea da, baita herriaren kanpoaldeko gune degradatuak berreskuratzea ere», gaineratu du Goenagak.

Hori guztia kontuan izanda, koalizioak Udal Gobernuari eskatu dio prestakuntza zentroaren Plan Bereziaren onespenari ezezkoa emateko, eta «Zarauzko ingurumen babesarekin kontrajarria ez den» beste kokaleku bat bilatzeko harentzat. «EH Bilduk kokaleku berri hori bilatzeko elkarlanean aritzeko eskua luzatzen die Udal Gobernuari eta proiektuaren sustatzaileei», nabarmendu du Carvajalek.

Irabazi Zarautzek ere alegazioak
Irabazi Zarautzeko zinegotzi Ana de Benito eta Oihane Delgadok ere hainbat alegazio erregistratu dituzte udaletxean Iñurritzako biotopoko zonalde periferikoan surf zentroa eraikitzearen kontra. Horiek ere argi utzi dute ez daudela proiektuaren kontra; proposatutako kokapenaren aurka agertu dira.

Horrenbestez, sustatzaileei eskatu diete proiektua egiteko beste eremu urbanizagarri bat bilatzeko. Horrekin batera, gogoratu dute proiektuak ez dituela beharrezko baldintzak betetzen lur zoru ez urbanizagarrian erabilera publikokoa dela aitortzeko. «Zarauztar guztiok ditugu eskubide eta betebehar berak», nabarmendu dute bi zinegotziek.