Sakabanaketaren aurkako pala jardunaldi herrikoia, hilaren 21ean

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 12a, 08:00

Izena Arrano, Eguzki, Haritza eta Mauka tabernetan eman daiteke.

«Giza eskubideen aldeko trena da gurea. Martxan dago, ez du etenik, baina bagoi berriak behar ditu. Horretarako, esparru ezberdinetan bagoi berriak sortu behar ditugu: kirol munduko pertsonekin, preso gaixoen etxeratzea eskatuko duten medikuekin, kulturgileekin...», dio Sarek. Hori dela eta, datorren larunbaterako, hilaren 21erako pala jardunaldi herrikoia antolatu dute, «kirolaren bitartez ahalik eta jende gehienak presoak Euskal Herrian behar» dituztela aldarrikatzeko.

Saretik gogoratu dute, beste hainbat presoren gisara, Ekaitz Sirvent eta Ekhiñe Eizagirre zarauztarrak etxetik urrun daudela, Tarasconen bata eta Parisen bestea. Sarek nabarmendu duenez, horrek eragina du eurengan zein senideengan, besteak beste, kostu ekonomiko, fisiko eta psikologikoa eta presoen inguru afektiko eta soziala.

Frontoi Txikin jokatuko dute pala jardunaldia, 09:00etatik 14:00etara. Izena Arrano, Eguzki, Haritza eta Mauka tabernetan eman daiteke, maiatzaren 15a baino lehen, bikoteko 5 euro ordainduta. Jardunaldian zehar musika, jatekoa zein edatekoa eta bertsolariak izango dira, besteak beste.

"Sakabanaketaren aurkako trenak, ordea, bide luzea du oraindik egiteko", jakinarazi dute. Horregatik, maiatzaren 21eko ekitaldiaren ondoren ere "bagoiak betetzen" jarraituko dute, hitzordu gehiago antolatuz. Sarerekin harremanetan jartzeko sarezarautz@gmail.com helbidera idatz daiteke eta Twitterren ere kontua (@zarautzsare) dutela gogoratu dute.