400 lagunek hartuko dute parte 32. Zarautz Klasikoan

Aritz Mutiozabal 2016ko mai. 19a, 15:20
Zarauzko Zikloturista Elkarteko Joxe Lizaso, Turismo zinegotzi Ixidor LarraƱaga eta Realeko arduradun Imanol Gurrutxaga (Aritz Mutiozabal).

Igandean izango da zikloturista proba; 08:00etan abiatuko dir, kiroldegi ondotik.

Zarautz Reale Klasikoa - Pedro Larrañagaren Oroimezko zikloturista proba egingo dute igande honetan, Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta. Guztira, 400 lagunek eman dute izena, eta hauek  148 kilometroko ibilbidea osatuko dute Gipuzkoako hainbat parajetatik igarota; besteak beste, Urraki, Mandubia, Larraitz eta Etumetako portuak igoko dituzte. Irteera Aritzbatalde kiroldegi aurretik egingo du­te, 08:00etan, eta helmuga Lege Zaharren enparantzan ezarriko dute aurten; lehen txirrindulariak 12:00ak baino lehen iritsiko direla aurreikusten dute.

Gipuzkoako zikloturista probarik zaharrena da Zarauzkoa, aurtengoa 32. aldia, eta hori mantentzea Zarauzko Zikloturista Elkartearen «konpromisoa» dela adierazi du elkarteko kide Joxe Lizasok. «Proba finkatuta dago, eta  jendea gustura etortzen da . Erreferente bat da».

Lizasok argi utzi nahi izan du Klasikoa zikloturista proba bat dela, eta ez lehiako lasterketa bat. Bakoitzak bere erritmoan egitekoa dela, «inolako presiorik gabe, zulatu bat edo matxuraren bat izan duelako». Bere esanetan, «egun hau gozatzeko da».

Zarauzko Zikloturista Elkarteak 113 bazkide ditu une honetan. Gora egin dute: «Duela hiru bat urte 80 inguru ginen, eta batez besteko adina nahiko heldua zen. Azken boladan jende berria eta gaztea etorri zaigu. Emakumezkoak ere animatu zaizkigu». Azken finean, taldea edozeinentzat egokituta dagoela nabarmendu du elkarteko kideak, «helburua bizikletan ibiltzea delako, lehiatik kanpo».

Bosgarren urtez, Reale aseguru etxeak babesten du elkartea, baita klasikoa ere, eta igandean ere Gesalaga aurrez prestatutako elikagaien enpresak lagunduko die anoa postuak hornitzen.