EH Bildu: "Pozten gara oraingo Udal Gobernuak aurrekoaren lana aitortu eta jarraipena eman diolako"

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 20a, 17:56
Herritarren Arreta Zerbitzua (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Koalizioak gogora ekarri duenez, inauguratu berri den Herritarren Arreta Zerbitzuak "2012ko apirilean erein zuen lehen hazia".

«Aurreko agintaldian, udalak erabateko apustua egin zuen HAZ Herritarren Arreta Zerbitzua martxan jartzearen alde, eta pozten gara oraingo Udal Gobernua berriak aurrekoaren lan hura guztia, 2014ko martxoan hasitakoa, aitortu eta jarrapena ematea erabaki duelako», nabarmendu du EH Bilduk. Udalak erdigunean herritarrak izan behar dituela dio, eta «arreta egokia» eskaintzeak izan behar duela lehentasuna edozein udal talde nahiz langilerentzat. «Hori dela eta, proiektu honen gauzatzean bidelagun izan da EH Bildu eta etengabeko hobekuntzarako lanean jarraituko dugu».

Koalizioaren arabera, HAZk «2012ko apirilean erein zuen lehen hazia», eta orduan Zarauzko Udalaren herritarren parte hartze eredua elkarrekin eraikiz prozesua aurkeztu zitzaien herritarrei. «Bertan, udalaren egiturari dagokionez, Herritarren lehen arreta zerbitzuaren birplanteamenduaren beharra ikusi zen, bai udaleko talde politikoen aldetik eta baita udal langileen aldetik ere. Modu honetan, herritarrei udalak eskaintzen dien lehenengo arreta zerbitzu hori gertukoa, erraza eta eraginkorra ian dadin lehenbiziko pausoak emango dira».

EH Bilduk dio arreta zerbitzua abian jartzeak udalaren zerbitzua bere osotasunean hartzea eskatzen duela, «sail eta teknikari guztiek baitute, modu batera edo bestera, komunikazio eta arreta ardura». Horregatik, zerbitzu hori martxan jartzeko, «behar-beharrezkoa» da nahikoa baliabidez hornituta egotea, koalizioak adierazi duenez. «Besteak beste, egitura berrian herritarren eskaerak, proposamenak, kexuak eta iradokizunak erantzuteko sistema egokia definitu behar da», zehaztu du.


Askotariko abantailak

Zerbitzu hori martxan jartzeak herritarrentzat, udalarentzat zein udal langileentzat hainbat abantaila izango dituela nabarmendu du EH Bilduk:

Herritarrentzat:

  • HAZ bulegoaren erabiltzaileek tratu jatorra, abegitsua, hurbilekoa eta errespetuzkoa jasoko dute.
  • Herritarrei tratu pertsonala ematea. Beren arazoez interesatzen gara eta erantzunik egokiena eskaintzen dugu.
  • Izaera orokorreko eskaerak eta normalizatu daitezkeenak bideratzea. Baita Aldundiaren edo
  • Eusko Jaurlaritzaren erregistroa sortuz ere.
  • Herritarrei lagundu nahi diegu eta beren eskariei aurrea hartzen saiatu behar dugu. Beren arazoak konpondu nahi ditugu eta ez alferreko gestioak sortu.
  • Erraztasuna: Informazio zuzen eta benetakoa ematea, herritarrek euren eskaerak zentralizatuta eduki ditzaten. Hizkuntza erraza erabili nahi dugu. Gure inprimakiak eta prozesuak gainbegiratzen ditugu tramitazio sinple eta ulergarria lortzearren.
  • Egiten diren kontsultak iragaztea. Kontsulta zehatzak bideratuz, aurretik ordua hartuta.
  • Atenditu eta zerbitzuak eskaintzeko udal ordutegiak ahalik eta zabalenak izango dira.
  • Nabarmen hobetzea Udalak herritarren aurrean duen irudia.
  • Arintasuna eta fidagarritasuna: Bestearen eta norberaren denbora baloratzen dugu.


Udalarentzat:

  • Baliabideak arrazionalizatzea, antolakuntza horizontalak sortzen dituen onurari esker.
  • Herritarren eskakizunak konpontzeko lanean dabilen zerbitzu publikoa.
  • Pertsonekiko harreman zuzen eta arduratsua, zerbitzu publikoa etengabe hobetu ahal izateko.
  • Jendea erakundeko zerbitzu guztietan joan-etorrika ez ibiltzea, eta arlo bakoitzean kudeaketari kontzentrazio eta dedikazio handiagoa eskaintzea.
  • Arloetan/zerbitzuetan jendea modu arrazionalean eta antolatuan hartu ahal izatea, aurretik ordua hartuta.
  • Udaleko kudeaketa eta administrazio zerbitzuetako produktibitatea orokorrean hobetzea.

 

Udal langileentzat:

  • Prozesuak homogeneizatzea.
  • Kudeaketa denboretan irabaztea.
  • Protokoloak hasieratik amaierara arte argitzea.
  • Barruko lan-sarea indartzea.
  • Herritarrentzako zerbitzuaren gogobetetasunean sakontzea.
  • Diziplina anitzeko talde bat egituratzea.

HAZ zerbitzua "babesteko eta hobetzeko" lanean jarraituko duela nabarmendu du EH Bilduk. Izan ere, "udaleko langile eta talde politiko guztien elkarlana behar-beharrezkoa baita herritarrek arreta egokia eta eraginkorra izan dezaten. Orain arte bezala, prozesua parte hartzailea izanik, denon jakintza kudeatu eta langileen prestutasuna baloratzea izango dira gakoa. Udal talde politiko guztien konpromiso eta inplikazioak eragingo du herritarren arretaren hobekuntza".

Erlazionatuak