«Eskubaloitik bizi ahal izan naiz, eta pribilegiatu sentitzen naiz»

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 31a, 12:25

Zarauzko bizilagun Matxalen Ziarsolo ermuarrak hamabost denboraldi egin ditu Bera Bera eskubaloi taldean. Hamalau titulu irabazi ditu bere kirol ibilbidean, eta orain erretiroa hartu du.

Unai Zubeldia kazetariak elkarrizketa egin dio Berria egunkarian, eta ikus-entzunezko batean ere jaso dute. Hona hemen elkarrizketaren hasiera:

Agurreko partida, bi gol, ligako titulua... Aurretik dena prestatuta zegoela ematen du.
Bai, bai. Oso polita izan da amaiera. Liga etxean irabazi, azken partida jokatu... Urte gogorra izan da niretzat, baina oso ondo bukatu da dena.

Nahiko lan izan zenuen amaieran sentimenduei eusten. Zer bizi izan zenuten aldagelan?
Poz handia nabari zen. Aldagelara heldu nintzenerako ia-ia joateko prest zeuden denak. Baina opari pila bat, pistan bertan ume asko inguruan, argazkiak... Zaleak, familia, lagunak, taldekideak... Oso polita izan zen dena.

Aspaldiko astelehenik gozoenean, jabetu al zara zure bizimodua aldatzera doala?
Baietz uste dut, nahiz eta benetako aldaketa iritsi arte ez naizen jabetuko horrek zer esan nahi duen. Gogotsu nago aldaketarako.

Nekea izan da arrazoia? Ilusio edo motibazio falta? Bestelako erronkei heltzeko gogoa...?
Denetik pixka bat. Nekea bai, gorputzak egur handia hartzen duelako, eta belauna abisuak bidaltzen ari zitzaidalako. Adina ere bai, noski. Gizonezkoen kasuan desberdina da; eurak kirol ibilbidea ahalik eta gehiena luzatzen saiatzen dira, baina gure kasuan zailagoa da hori. Eta lan egoera ere badago arrazoiaren atzean.

Elkarrizketa osoa Berria.eus atarian irakurri daiteke.