Gorabeherak Astiko aisialdi guneko eraikinaren inguruan

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 2a, 10:30

Astiko aisialdi guneko taberna, egun. (Aritz Mutiozabal)

«EH Bilduren kudeaketan beste arduragabekeria bat gehiago» dela dio Zarauzko EAJk  .Koalizioaren ustez proiektua bertan behera uzteko «borondate politikoa» dago atzean.


EAJko Uri Buru Batzarrak nabarmendu duenez, 2015eko apirilaren 17an EH Bilduk, orduko Udal Gobernuak, Astiko merenderoa bota eta jatetxea eraikitzeko lehiaketa esleitu zuen, aisialdi eremua biziberritzeko planaren barruan. Hautsak harrotu zituen gaiak orduan; EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitza udal taldeek gogor salatu zuten «nagusikeria» hura. Egun ere mahai gainean jarri du gaia Zarauzko EAJk.
Azaldu du egungo Udal Gobernuak, EAJk eta PSE-EEk, espedientea «sakon» aztertu zuela, eta ohartu zela lehiaketa irabazi zuen enpresak proposatutako eraikinak pleguetan jasotako neurriak «bikoiztu» egin zituela. «Baldintzen arabera, tabernak 150 metro koadro neurtu beharko lituzke, baina orduko gobernuak 270 metro koadroko jatetxea eraikitzea adostu zuen», zehaztu du Zarauzko EAJk.

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak azaroan salatu zuen EH Bilduk ez zuela nahi izan hirigintza ikuspegitik proposamena aztertu, eta «are okerragoa dena», egun ez duela aitortu «une hartan hartutako erabaki okerren ardura politikorik».

EAJren Zarauzko batzarrak adierazi du koalizioak lehiaketaren oinarrietan eraikinaren eraikigarritasuna %100 handitu zuela, «egungo tabernaren %10eko eraikigarritasuna nabarmen igoz» eta hori justifikatuko zuen Plan Berezirik egin gabe. «EH Bilduk ez zuen aintzakotzat hartu Plan Berezia, lehiaketako oinarrietan jasotako azalera nahierara moldatuz, PPren babesarekin», kritikatu du. «Gauzak behar bezala egin balituzte, plan berezi bat idatziko lukete eraikigarritasun berria ahalbidetzeko, pleguak kaleratu aurretik».
Horrekin lotuta,  maiatzeko udal osoko bilkuran Astiko kirol gunean aldagela berriak eraikitzeko plan berezia behin betiko onartu zutela nabarmendu du Zarauzko EAJk, eraikigarritasun handiagoa justifikatzeko, hain zuzen. «Aurreko agintaldiko gobernuak ez zuen halakorik egin nahi izan jatetxe berriaren eraikigarritasuna justifikatzeko. Zergatik?  Gure ustez, EH Bilduren kudeaketan beste arduragabekeria bat gehiago da».

Negoziazioa bertan behera
Zarauzko EAJk jakinarazi du udal hauteskundeak baino 12 egun lehenago sinatu zuela aurreko alkateak esleipenaren kontratua. Hori juridikoki aztertu ostean, egungo Udal Gobernuak negoziazioak hasi zituen lehiaketa irabazi zuen enpresarekin, proiektua molda zezan. Besteak beste, eraikinaren bolumena zein paisaian izan zezakeen inpaktua berraztertu eta murrizte aldera. Helburua beharrezko neurriak hartzea zen udatik aurrera herritarrek Astiko tabernaz gozatu ahal izateko.

Alderdi jeltzalea alkatetzara heldu zenetik gaia aztertu du «herritarren interesak defendatzearren». «Hainbat bilera egin ditugu enpresako ordezkariekin urtean zehar, eta proiektua oinarrietan zehaztutako azalerara egokitzeko zenbait aldaketa tekniko proposatu dizkiegu, besteak beste, proiektua berregin eta eraikinaren neurria murrizteko, aurrekontua ere doituz», nabarmendu du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak. Haren arabera, hasiera batean bide onetik bazihoan ere, enpresako ordezkariek negoziazioak bertan behera uztea erabaki dute.

Horren aurrean, udalak izapideak hasiko ditu esleipena berraztertzeko. «Pena da konponbide batera heldu ez izana. Haiek kalte-ordainak eskatzeko eskubidea dute, baina udalak legea betetzen dela ziurtatu behar du». Orduan hartutako erabakiek orain eragina izango dutela dio alkateak, eta azken orduko akordio batera heldu ezean, «EH Bilduk sinatutako kontratuaren kaltegarritasuna deklaratzeko» bide judizialari heltzea «beste irtenbiderik» ez dela izango.

 «Borondate politikoa»
EH Bilduko bozeramaile Mikel Goenagak ez du «eztabaidatan» sartu nahi izan, argi ikusten baitu «borondate politikoa» dagoela proiektua bertan behera utzi eta aldaketak egiteko: «Zilegi izan daiteke, baina esan dezatela hori». Goenagak gogoratu du aurreko agintaldian oposizioko hiru taldek, EAJk, PSE-EEk eta Ezker Anitzak proiektuaren inguruan «ongi» adierazi zutela ezezkoa, argudiatuz gunea 30 urterako pribatizatuko zela.  Orain «eztabaida beste leku batera» eraman dutela nabarmendu du: «Orain, EAJk megakafetegiaren argudioa darabil».

Adierazi duenez, bere momentuan, txostenak osatzekorakoan, Hirigintza sailean kontsulta egin zuten eta ez zieten «inongo plan berezirik» aipatu. «Astiko kirol ekipamendurako, ordea, bai. Horretarako behar da plan berezi bat», gaineratu du. Prozedura martxan jarri eta kontratazio mahaia osatu zuten orduan. Goenaga horren parte zen, eta teknikariek osatzen zuten gainontzean. Pleguak edo oinarriak osoko bilkuran onartu zirela gogoratu du eta «lege guztiak» betetzen zituztela. Kontratua sinatu ondoren, proiektua aurkeztu zuen enpresa esleipendunak eta, baldintzak betetzen ez zituelako, egokitzeko eskatu zitzaien haiei.

«Herritarren onurarako den zerbait da, ez zen jarri abian aurreko udan eta honetan ere ez da martxan izango», salatu du.  «Kontratu bat dago indarrean eta auzia luzatu daiteke. Ikusi beharko da ardura norena izango den», dio. 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide