Jalgi dantza taldeak Korrontziren galan hartuko du parte

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 14a, 10:30

Jalgi Dantza Taldearen emanaldietako bat (Jalgi Dantza Taldea).

Jaialdia Iruñeako Baluarten izango da, larunbatean. Ondorioz, Iñurritzan egin ohi duten ikasturte amaierako emanaldia igandean egingo dute.

Korrontzi Dantzan Gala antolatu du Korrontzi musika taldeak, eta Euskal Herri osoko 14 dantza talde gonbidatu ditu jaialdian parte hartzera. Guztira, 300 dantzaritik gora ariko dira, euskal dantzari eta koreografo ezagunek sortutako dantzak eskaintzen. Jalgi dantza taldea ere gonbidatu dute, eta bertan izango da. Gala Iruñeko Baluarte jauregian izango da larunbat honetan, ekainaren 18an, 20:00etan, eta ETBk grabatuko du.

Jaialdiak Jalgiren ikasturte amaierako emanaldiarekin bat egin duenez, egun bat atzeratzea erabaki dute. "Korrontziren galara joatea baztertu ezin dugun aukera paregabea da, bai guretzat dantzari bezala, bai Jalgi dantza talde osoaren proiekzio eta jhazkundeari begira. Horrenbestez, bi ekitaldiak bateragarriak izan daitezen, gure emanaldiaren data larunbatetik igandera aldatzea erabaki dugu". Ikasturte amaierako saioa Iñurritzan izango da, ohi bezala.