Bolatokiaren bueltan, giro

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 17a, 08:00

Asteburuan jai giroa nagusituko da Zelai Ondo auzoko bolatokian eta pistan. aritz mutiozabal

Gaur arratsaldean hasiko dituzte Zelai Ondo auzoko jaiak. Festak datorren ostegunean bukatuko dituzte, San Joan suarekin

«Hirugarren urtez jarraian, Mitxelena, Justo-Enea eta Poligonoko lagunak auzoko festak aurrera ateratzeko gogotsu ari gara elkarlanean». Zelai Ondoko jai batzordeak halaxe dio jaien egitaraua iragartzeko kaleratu duten liburuxkako agurrean. Gogotsu eta festei hasiera emateko prest. Gaur arratsaldean botako dute txupina, 18:00etan, eta San Joan sua itzali bitartean, jai giroa izango da nagusi.

Aurreko urteetako dinamika berari heldu diote, eta antzeko ekitaldiak antolatu dituzte, auzoko pista eta bolatokiaren bueltan. Gaur arratsaldean Izetaren harri-jasotzaile eskolakoen eta Zarautz Kirol Elkarteko halterofilia atalekoen erakustaldia izango da, eta, bien bitartean, parrillada egingo dute. Gauean, Fan & Go taldearen emanaldiak girotuko du auzoa.

Larunbatean familia giroko jarduerak izango dira: marrazki lehiaketa, auzoko kros lasterketa, patata tortilla lehiaketa, puzgarriak eta zumba saioa, besteak beste. Parrillada ere izango da, eta gauean DJ Davila eta Iratzar taldea ariko dira. Igandean, Bola eta Toka Txapelketaren eta auzo bazkariaren txanda izango da.

Hiru egunetako atsedenaren ondoren, San Joan suarekin biribilduko dituzte jaiak. Mitxelena kalean egingo dute, ostegunean, eta aurretik sardina jana izango da. Gainera, batzordeko kideek iazko gertakaria izan dute gogoan aipatu liburuxkan: «Besarkada bat eta eskerrak helarazi nahi dizkiegu kaltetuei eta euren gertukoei, beraiek izan zirelako babesa adierazi ziguten lehenak».

Erlazionatuak

Zelai Ondoko jaiak (egitaraua)

Zarauzko Hitza 2016 eka 17 Zarautz