Ez ohiko osoko bilkura etzi, errauste plantaren inguruan

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 21a, 13:18

EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek mozioa aurkeztuko dute eta 18:00etatik aurrera eztabaidatuko dute. Ordu erdi lehenago mediku batek eta Zero Zaborreko kide batek hartuko dute hitza.

"Gaiaren larritasuna eta gertutasuna" kontuan izanda, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek errauste plantaren inguruko mozioa aurkeztu dute eta ez ohiko udalbatzarra eskatu ostegunerako. Gaur agerraldia egin dute bi alderdietako ordezkariek, mozioaren nondik norakoak azaltzeko.

Irabazi Zarautzeko Oihane Delgadok Zubietan egitekoak diren plantak inguruko herrietan eragina izango duela nabarmendu du, Zarautzen kasu. "Jaurlaritzak, errauste plantak ingurumenean duen eraginari buruzko adierazpenean jaso duen kutsaduraren sakabanatze atmosferikoaren azterketan, 30 kilometroko diametroa eragin eremu bat onartzen du", adierazi du, eta Zarautz planta kokatu nahi duten tokitik 10-15 kilometrora dagoela. Tarte horretan, 200 bat hezkuntza zentro daudela gaineratu du.

Esan du hainbat mediku eta ikerlarik egindako azterketetan jaso dutela "kezkatuta egoteko arrazoiak" daudela. Gipuzkoako agintariek Biodonostiarekin hitzartutako azterlan epidemiologikoa egitearen beharrak frogatzen du arriskua badagoela. "Nola egingo dute azterketa hori? Herritarrak eta euren seme-alabak akuri moduan erabiliz, eta pairatuko ditugun ondorioek ez dute atzera bueltarik izango".

Datuak ere eman ditu. Nazioarteko datu base zientifikoetan egindako azterketen arabera, errauste plantatik 15 kilometroko erradioan bizi direnen artean %3,5 egin dute gora minbizi kasuek eta heriotza tasak ere gora egin du. "Errauste plantak sortzen dituzten errauts, zepa eta karbono dioxido isurketek eragiten dute hori. Zubietako plantan urtean 163.500 tona hondakin erreko dira teta horrek 157.000 tona karbono dioxido sortuko ditu".

Kalte ekonomikoak ere

Ondorio ekonomikoak ere izango ditu, Mikel Goenaga EH Bilduko bozeramailearen arabera. "Datozen 35 urtean gipuzkoar guztiok ordaindu beharko dugu azpiegitura honek kostako duen 1.200 miloitik gora euro".

EAJ eta PSE-EE hondakinen kudeaketa pribatizatzera doazela dio eta enpresa horiek euren etekinak bermatu behar dituztela. "Nola? Bi aukera daude: batetik, errauste plantan sartzen den tona kopuruaren araberako ordainketa eginaz. Aukera honek arazoak sortzen dizkio enpresa pribatuari, gipuzkoar askoren hondakinen sailkatze lanari esker, erretzera eraman behar den errefus kopurua jaitsi egin delako azken urteotan".

Beste aukera azpiegituraren kostua herritar kopuruaren arabera ordaintzea litzateke, hondakinak ongi sailkatzen dituzten ala ez kontuan izan gabe, Goenagak adierazi duenez. "Horrek enpresen inbertsioa bermatuko luke —gipuzkoarron kontura—eta, era berean, birtziklapen mailak igo eta erraustegia elikatzeko materialik gabe gelditzeko arriskua agertzean, kanpotik hondakinak ekartzeko aukera paregabea izango lukete, tonaren preziotik azpiegituraren kostua kenduta edukiko luketelako eta, hortaz, Europako hondakin tona merkeenetakoa izango lukeelako".

Horren aurrean, alternatiba "garbi, osasuntsu eta merkeagoak" badaudela dio. "Ekonomia zirkularrean eta zero zabor filosofian oinarritutako politikak sustatu behar dira eta planta horren kontrako norabidean doa. Izan ere, papera, plastikoa edo egurra erretzea interesgarria da enpresa horientzat, konbustioa errazten baitu".

"Ez gaitezen errauste plantaren kolaboratzaile izan"

Bi alderdiek udal gobernuari eskatu diote ez izateko errauste plantaren kolaboratzaile, eta hondakinak kudeatzeko aukera berriak aztertu behar dituela. "Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinak errauste plantara bidaltzeko asmoarekin jarraitzen badu, UKUEtik ateratzeko aukera aztertu beharko du, zarauztarrei kalte ekonomiko larriak ekiditeko", adierazi du EH Bilduko bozeramaileak.

18:00etan izango da ez ohiko osoko bilkura, eta ordu erdi lehenago, 17:30ean mediku batek eta Zero Zaborreko kide batek hitza hartuko dute gaiaren inguruko euren ikuspuntua azaltzeko. Goenagak aitortu du mozioa aurrera ateratzea "zaila" dela baina balioko duela herritarra gaiaren inguruan sentsibilizatzeko. "Ez da beharrezkoa, beste irtenbide batzuk badaude mahai gainean", gaineratu du.