Aparatu berriak jarri dituzte Aritzbatalde kiroldegiko gimnasioan

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 8a, 15:10
Makina berriak jarri dituzte fitness gelan (Zarauzko Udala).

Aire egokituaren sistema ere hobetu dute, eta aurrerantzean ez da leihorik ireki behar izango.

Erabiltzaileei zerbitzu hobeago bat eskaintze aldera, aparatu berriak jarri dituzte Aritzbatalde kiroldegiko fitness gelan. Iban San Martin Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, egunero jende asko ibiltzen da fitness aretoan eta, ondorioz, "zahartzen joan diren makinak berritu nahi izan ditugu, eta, ahal den neurrian, makina kopuru gehiago jarri gehien erabiltzen diren kasuetan, zinta, indoor walking makina, eliptika eta bizikletak, kasu".
 

Hemendik aurrera, hiru bizikleta estatiko berri, bi eliptika, hiru indoor walking makina, mankuerna berriak eta postura asko dituen makina funtzional bat izango dituzte erabiltzaileek. "Azken makina hori da jarri den handiena", jakitera eman du San Martinek: "Sistema modularra dauka eta toki berdinean mota askotako ariketak egiteko balio du. Modu honetan, pertsona asko izan ditzakegu aldi berean lan egiten makina berdinarekin". Makina funtzionalak, gainera, indarra modu ezberdinetara lantzeko aukera eskaintzen du.


Aparatu berriak jartzerekin batera, gimnasioa bera berrantolatu dute, makinen kokapena aldatuz eta espazioa hobeto aprobetxatu nahian. Horrez gain, gimnasioko aire egokituaren sistema ere berritu dute. “Aurrerantzean ez da leihorik ireki beharko aretoan egiten duen bero handiagatik, automatikoki erregulatuko baita tenperatura. Zentzu honetan, lehenengo pausu bezala, aire primarioa jartzen da martxan (helizeekin), ondoren, beharrezkoa bada, sistemak automatikoki kanpoko haizea hartzen du eta sartzen du barrura. Azkenik, oraindik ez bada guztiz egokitu, aire egokitua pizten da”, azaldu du zinegotziak.

 

Entrenamendu pertsonalizatuak

Entrenamendu pertsonalizatu berriak ere eskainiko dituzte; besteak beste, indar lana, core (abdominalak, gluteoak eta gerrialdea lantzeko), lan aerobikoa eta luzaketetako fitxa berriak jarriko dituzte, instalakuntzara egokituak. Entrenamendu pertsonalizatuak bazkide guztiek doan eskatu ahal izango dute, eta BPXport Kirol Zerbitzuak enpresako begiralea dagoen ordutegian eskuratu ahal izango dira saioak; 08:00etatik 11:00etara eta 18.00etatik 21:30era, alegia. Horrekin batera, entrenamendu errutina batzuk jarriko dituzte bezero guztien eskura; egokitzapen orokorrekoak eta indar lanekoak izango dira horiek.


Fitness gelara eskuoihala eraman behar dutela gogorarazi nahi diete zerbitzuko arduradunek. Makinak lehortzeko papera badago ere, orberaren izerdia lehortzeklo eta batez ere higiene kontuengatik eskuoihala eramatea derrigorrezkoa da.