Herriarteko hirugarren titulua helburu

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 20a, 20:16
Herriarteko finalaren aurkezpena, Aritzbatalde pilotalekuan (Aritz Mutiozabal).

Azpeitia eta Doneztebeko taldeek Euskal Herriko eskuzko Herriarteko Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean. Norgehiagokak Aritzbatalde pilotalekuan izango dira, 10:30etik aurrera. Bi taldeek bi aldiz irabazi dute txapelketa, eta hirugarren txapelaren bila kantxaratuko dira; Azpeitia, iazko txapeldun izanda, titulua defendatzea tokatuko zaio.

Gaur arratsaldean aurkeztu dute finala, Aritzbatalde pilotalekuan bertan, piloten aukeraketaren ondoren. Bi taldetako jokalariez gain, bertan izan dira Zarauzko alkate Xabier Txurruka, udaleko kirol zinegotzi Iban San Martin, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregi eta federazioko zuzendari tekniko Unai Legarreta.

Alkateak adierazi du "ohore bat " dela halako txapelketa baten finala herrian jokatzea: "Aritzbatalde frontoiari bizitza eman nahi dio Zarauzko Udalak, eta aukera hau aprobetxatu behar zuen herriak zalantzarik gabe". Federazioko presidenteak nabarmendu du "partida gogorrak" espero direla larunbatekoak, "bi talde indartsu" iritsi direlako finalera.

Sarrerak 10 euroan erosi ahal izango dira aurretik Azpeitian eta Donezteben. Azpeitin, Frontoi Txikiko bulegoan jarriko dituzte salgai, eta autobuserako lekua hartu ahal izango da; ostegunean eta ostiralean, 18:00etatik 20:00etara. Autubusa 09:00etan abiatuko da anbulatorio aurretik. Aritzbataldeko txarteldegian ere salgai jarriko dituzte, 09:30etik aurrera.

Finaleko pilotarien ustezko zerrenda

  • Kadeteak: Unai Alberdi eta Gorka Iriarte (Azpeitia) - Enaitz Telletxea eta Gaizka Agirre (Doneztebe)

  • Jubenilak: Julen Egiguren eta Jon Alberdi (Azpeitia) - Iker Salaberria eta Jon Mariezkurrena (Doneztebe)
  • Seniorrak: Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo (Azpeitia) - Joanes Bakaikoa eta Jon Gorriti (Doneztebe).