Dekatloi dramatikoaren ibilbide bizi-bizia

Aritz Mutiozabal 2016ko uzt. 28a, 10:30

Estricalla taldea; ezkerrekoa da Hodei Esteban (Hodei Esteban).

Estricalla boskoteak ‘Dramatik-Thlon’ lan berria argitaratu du, hardcore ildoan, baina zati rockeroak eta ahots melodikoak uztartuz. Hodei Esteban gitarrista zarauztarra taldeko kideetako bat da.

Taldekide gehienok nahiko kirolzaleak gara, eta beti izan gara kiroletako entziklopedien eta irudi zaharren zaleak. Estetikoki asko gustatzen zaigunez, kontzertuetako karteletan eta diskoetako diseinuetan erabili ohi ditugu, eta izenburuetan ere halako hitz jokoak egiten ditugu». Kasu honetan, aintzinako igerilari batzuekin irudikatu du lan berriaren azala Estricalla taldeak, eta Dramatik-Thlon izena jarri diote, atletismoko dekatloi probari erreferentzia eginez.

Horren atzean, ordea, esanahi sakonago bat duela azaldu du Hodei Esteban gitarristak: «Egun bizi dugun egoera dramatikoa da, baina batez ere denboran eta espazioan egiten den ibilbide bat bezala da; batetik, gure bizitza litzatekeena, eta bestetik, errefuxiatuena. Horrekin lotu nahi izan dugu izenburua». Dramatik-Thlon hitz joko hori Nik-Pizar-Nik abestian oihukatzen dute, gainera; kantuan Alejandra Pizarnik poeta argentinarraren olerki batean oinarrituta.


Bizkortasun melodikoa

11 abesti berri jaso dituzte, euskaraz, ohiko hardcore doinu biziei fidel. Hala ere, pasarte rockeroagoak sartu dituzte, eta ahotsa bera ere melodikoagoa da. Taldearen hasierako diskoak gordinagoak ziren, melodia gutxirekin eta oso zuzenak. Triple Asalto Mortal (2014) lanean bigarren gitarrista gisa sartu zen taldean Esteban, eta formazio aldaketarekin gitarrak gehiago lantzen hasi ziren, baita erritmo aldetik «gauza berriak» egiten ere. Hutsartea (2015), hurrengo lana, rockeroagoa atera zitzaien, eta lan berriak haren ildoa jarraitu du, baina «egur gehiagorekin». Gainera, «badira zati asko duela urte batzuk egingo ez genituenak».

Ahotsa melodikoago bihurtuta, abestiek «argi gehiago» dutela dio gitarrista zarauztarrak. Baina, aitzitik, «letra gehienak nahiko ilunak dira». Horregatik diskoaren diseinua ere kolore beltzez  hornitu dute. Lana jada kalean da, CD formatuan, eta abuztuan biniloan ere ikusiko du argia; abestiak taldearen Bandcamp atarian daude entzungai.

Zarauzko Fidelenea estudioan grabatu dute diskoa, abendua eta otsaila bitartean, Mikel Kazalisen gidaritzapean. Horrez gain, Xxxprinter(hautsa) abestiko hitzak idatzi dizkie Kazalisek. «Taldekide bat gehiago da, eta soinu teknikari moduan aritzen da gure emanaldietan», dio Estebanek. Baina berea ez da izan diskoko kolaborazio bakarra: Esne Beltzako letragile Jon Garmendia Txuriaren hitzak oinarri hartuta osatu dute Sokamothor abestia, eta Aitor Abiok (PiLT, Matxura) teklatuak sartu ditu pieza horretan;  diskoa ixten duen minutu erdiko Zaldiko Maldi-K.O. zati instrumentala ere Abiok egin die; Miren Aragurenek (Occhi di Farfalla) ahotsak sartu ditu Nik-Pizar-Nik eta Könbergger abestietan, eta azken abesti horretan, era berean, Angela Davis aktibista afroamerikarraren ahotsa entzun daiteke.


Nazioarteko ahotsa

Orain ere luxuzko kolaboratzaile bat izan dute: Bostongo Bullet Lavolta taldeko Yukkie Gip jarri dute kantari X-izpia abestian. «Triple Asalto Mortalerako Jello Biafrak (Dead Kennedys) abestea lortu genuenetik, nazioarteko norbaiten parte-hartzea bilatzen saiatu gara, betiere guretzat erreferentea izan dena», azaldu duā€ˆEstebanek. Hutsartea diskoan  Mr. Chi Pig (SNFU) aritu zen, eta orain Yukkie Gipen txanda izan da. «Estricallako kideoi asko gustatzen zaigu Bullet Lavolta. Bizpahiru urteko ibilbidea izan zuen, eta harrezkero abeslari hau ez zebilen musika munduan. Beraz, badu halako xarma bat».

 

Aurkezpen biran murgilduta

Diskoari bultzada bat emate aldera,  hainbat kontzertutako biran murgildu da Estricalla uda honetan. Iruñean, Bilbon eta Soraluzen jo ondoren, aste honetan bi emanaldi izango dituzte: bihar, Pasai Donibaneko jaietan, eta etzi, Baionako Patxokin. Bira laburra abuztuaren 5ean amaituko dute, Gasteizko Gazte Karpan. Pano gitarristak diskoa grabatu badu ere, talde uztea erabaki du. eta haren ordez Txomin Urriza gehitu zaie taldera. Bera ari da zuzenekoetan jotzen.

Abiada bizian doan taldea da, etengabe sortzen eta zuzenean jotzen ari dena. Dinamika hori Triple Asalto Mortalekin hasi zela dio Estebanek. «Une honetan, taldekide guztion lehen taldea bihurtu da Estricalla. Oraindik ere, kide bakoitza beste talde batzuetan gabiltza, baina lehentasuna honek du», adierazi du.