Aurki estreinatuko dute Telmo Esnal eta Asier Altunaren 'Iraila' film laburra

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 28a, 14:05

Donostia 2016 egitasmoaren barruan, 'Kalebegiak' izeneko proiekturako fimatu dute. Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute, irailean.

Lan horrek beste hamaikarekin batera Kalebegiak filma osatuko du. Horren helburua Donostiaren erretratu bat egitea da, hamabost zinemagileren begiradaren bitartez. Horretarako, errealizadore ospetsuak, ibilbide handiko profesionalak eta hasiberriak batu dituzte produkzio bat egiteko, Donostia eta hiriak zinemarekin duen harremana gaitzat hartuta.

Asier Altuna bergararrak eta Telmo Esnal zarauztarrak hartu dute parte bertan, Iraila film laburra osatuz. Iaz grabatu zuten, Kontxako banderan, haien esanetan, "festa eta drama uztartuz". Hiru egun iraun zuen grabazioak eta Kandido Uranga zumaiarrak hartu zuen parte, besteak beste. 

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan egin dute, eta Anjel Illarramendi zarauztarrak jarri dio musika. Musikenen grabatu du filmeko musika. 

Donostiako Zinemaldian estreinatuko da pelikula osoa, datorren irailean Belodromoan.