«Konforme geratuko naiz dudan guztia ematen baldin badut»

Aritz Mutiozabal 2016ko abu. 3a, 11:30

Iaz Munduko Zirkuituko proba jokatu zenuen Rion, eta zirkuitu horretan bertan lehiatuko zarete orain Jokoetan.
Normalean, Jokoen aurretik beharrezkoa da test proba deitzen zaion hori egitea anfitrioia izango den herrialde horretan. Aurrekoetan bizpahiru aldiz lehiatu izan gara, baina Rion behin baino ez dugu izan aukera hori.  Iaz lehiatu ginen Jokoetan izango dugun zirkuitu berean, eta konturatu ginen oso gogorra dela. Bizikletako ibilbideak aldapa gogor bat du, baina nahiko motza; Zarauzko Triatloiko Aiako murruaren antzekoa da, gutxi gorabehera. Baina ibilbideari zortzi itzuli eman behar zaizkionez, zortzi aldiz igo beharko dugu. Beraz, min handia egingo du lasterketaren atal horrek, eta korrikaldiari ekiten diogunean igarriko diogu.

Bistakoa da ibilbidea ongi aztertuta duzula.
Bai, baina ez nik bakarrik, lehiakide guztiok. Bereizgarri nabarmenena bizikletako ibilbidean dago. Malda gogor bat du, eta horrek, era berean, nahiko arriskutsua egiten du jaitsiera. Iaz, esaterako, erorketa batzuk izan ziren. Nolanahi ere, entretenigarria probako zati hori.

Londresen zazpigarren postuan sailkatu zinen, orain arteko zure sailkapenik onena Jokoetan. Posible al da postu hori hobetzea edo, nolabait ere, mantentzea?
Zaila ikusten dut. Urte hartan lortu nuena oso zaila izan zen, baina denboraldi ona osatzen ari nintzen, Munduko Zirkuituko proba guztietan lehenengo hamarren artean sailkatuz. Oraingoan, ordea, ez da horrela izan. Nahikoa lan izan dut, baina ongi entrenatzeko aukera izan dudanean proba politak atera zaizkit. Momentuz, ez dut ezer baztertzen. Egun bateko proba batean edozer gerta daiteke. Jakin badakit gogorra izango dela, baina esperientziak edo beteranotasunak agian lagundu diezadake. Hala ere, badira faborito argiak, lasterketa denetan aurrean dabiltzanak, eta gero gaude lehiakide asko hor aurrean kokatu gaitezkeenak. Probaren batean batzuk aurrerago sailkatzen dira, eta beste batzuetan atzerago. Nire helburua da ahalik eta ondoen entrenatzea egun hauetan, eta probako egunean nire esku dagoen guztia egitea.

Zer emaitzarekin geratuko zinateke konforme?
Ez dakit... Lasterketa bukatu ondoren baloratu beharko nuke; hau da, non huts egin dudan eta non asmatu. Batzuetan emaitza ona lortzen duzu, baina ez zara gustura geratzen lasterketako zatiren batekin. Konforme geratuko naiz dudan guztia ematen baldin badut. Ea gauzak ongi ateratzen zaizkidan.

Noiz abiatuko zara Riora?
Hilaren 15ean abiatuko gara Madrildik. Lasterketa baino bost egun lehenago joango gara, triatleta gehienak bezalaxe. Copacabanako hondartzan le­hiatuko gara, eta iaz argi ikusi genuen han bizikletarekin ezin dela irten, dagoen trafikoagatik. Beraz,  arrabolan entrenatuko du­gu. Bertan entrenatzeko baldintzak ez direnez horren onak, egun gutxi batzuk lehenago joango gara.

Proba eguna abuztuaren 20a izango da...
Bai, baina ziur ez dakit zer ordutan hasiko garen. Badakit goizez dela, 09:00ak edo 10:00­ak artean, baina hemengo ordutegian 16:00ak inguruan.

Girona aldera jo duzu proba prestatzera. Toki aproposagoa al da entrenatzeko?
Oso ongi dago. Errepide asko ditu, bizikletarekin entrenatzeko era guztietakoak eta trafiko gutxirekin. Horrez gain, korrikarako ere bidezidor dezente, basoak eta bide berdeak daude. Igeri egiteko, berriz, 50 metro luzeko igerileku irekia dago. Eguraldiari dagokionez, beroa egiten du, eta hori ere Riora egokitzeko aproposa da. Beraz, baldintza egokiak ditu.

Bestalde, zu animatzeko maillotak ere atera dituzte.
Poyete Channeleko lagunak aritu dira horretan. Atenasen nire lehen Olinpiar Jokoak jokatu nituenean Aupa Ainhoa! zioten elastikoak atera zituzten, eta azkenekoan ere hainbat material atera zuten. Aurten, gauza bera egin dute, eta asko eskertzen diet ematen dizkidaten animoak.

Rioko Jokoen harira, Zika izeneko birusak zeresana eman du. Gaiak kezkatzen al zaitu?
Horren inguruan asko hitz egin da, bai, baina federaziotik informatu gaituzte, aholkuak eta pauta batzuk emanez. Ez da txorakeria bat, baina neurriak hartuta, ez zait iruditzen horren alarmista denik. Gainera, ez gara denbora luzez egongo, eta tokiz ere ez gara mugituko. Beste zonalde batzuetan arrisku gehiago izango da, akaso. Gu iaz izan ginen bertan, eta ez ziguten horren inguruan hitz egin. Pixka bat kezkatzen nau eta kontuz ibili beharko dugu, baina ez dit lorik kentzen.