«Festak Astazubira itzultzeko borrokan jarraituko dugu»

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 5a, 12:30
Beñat Intxauspe Zubiaurre (ezkerrean) eta Josu Gonzalez de Durana.

Beñat Intxauspe Zubiaurre eta Josu Gonzalez de Durana. SKAPA festa batzordeko ordezkariak

Hilaren  10etik 12ra ospatuko dituzte Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak. Larunbatean izango da atarikoa. Ekitaldiez gain, aldarrikapena ere izango da jaia «betiko lekura» bueltatzeko.

Duela hilabete abiatu zenuten Nik ere buelta kanpaina. Zein helbururekin?
Beñat Intxauspe: Helburua garbia zen: Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak Astazubi plazara itzultzea. Ez zen gure kapritxoa izan; auzotarrek zein herritarrek eskatu ziguten. Iaz Salberdinera lekualdatuko ginela aditzera eman genuenetik, jendeak behin eta berriz eskatu digu jaiak betiko lekura itzultzeko saiakera egiteko.  

Josu Gonzalez de Durana: Helduek, gazte jendeak... Herritar pila batek esan digu betiko plaza Astazubi izan dela eta festak han izatea nahi dutela.

B.I.: Ardura gisa sentitu dugu. Jendearen nahia da, baina hori bideratzeko baliabideak batzordearen gain daudelako.

Kanpainaren barruan, 2.700 sinadura bildu dituzue eta 500 banderola jarri dira etxeko balkoietan. Zer lortu da horrekin?
J.G.D.: Helburu nagusia ez dugu lortu, hau da, jaiak Astazubira itzultzea. Hala ere, beste xede zehatz bat bete dugu: txosna gunea auzoaren bihotzean egotea. Ez da gure nahia, baina aurrerapauso bat bada behinik behin.

B.I.: Bidea markatuko duen urrats bat izan da. Aurten txosna gunea Urdaneta kalean egongo da. Iazko aukera baino hobea bada. Iaz Salberdinen jarri genituen txosnak eta beste gunetatik apartatuta geratzen zen. Giroa ere aurreko urteetan baino hotzagoa izan zen, zerbait falta zitzaion. Orain, behintzat, auzoaren sarreran izango dugu txosna gunea eta gainontzeko guneetatik hurbil.  Sinaduren bidez, banderolekin eta egindako bideoaren bidez, jendeak indarra eman digu eta gure helburua lortzeko borrokan jarraitzeko gogoa.

J.G.D.: Festa batzordearen aukeretako bat izan zen jaiak ez antolatzea. Baina jendeak gogoa duela ikusita, festekin aurrera jarraitzea erabaki dugu, eta ahalik eta  ekitaldi  indartsuenak antolatzea.

Auzia ez da berria, duela urte batzuk hasi ziren gorabeherak.
B.I.:  Arazoaren muin-muina da noiz edo noiz muga gainditu izana. Puntualki, akats batzuk egon dira, bolumenarena, esaterako. Horren ondorioz, normala da kexak egotea. Baina hitz eginez konpontzen dira gauzak, eta beti dago aukera baldintza onargarri batzuk adosteko. SKAPA beti egon da horretarako prest, baina ez zaigu aukera hori eman. Kexatu diren pertsonak ez dute gugana jo, eta gure bizkarrera salaketa jarri zuten alkate ohiaren kontra. Salatu zuten txosnak eta oholtza Astazubin egonda ematen ziren baldintzak osasunarentzat zein segurtasunarentzat kaltegarriak zirela. Zaratagatik eta sute arriskuagatik, hain zuzen. Arartekoak arrazoi eman zien, eta 2014an udalari aholkatu zion neurriak hartzeko.

2015ean, festak hasi baino hilabete lehenago, guregana jo zuen egungo Udal Gobernuak. Udal ordezkariek esan ziguten txosna gunea ez bagenuen lekuz aldatzen salaketak indarrean jarraituko zuela eta alkate ohia inputatuko zutela. Lekuz aldatuta, ordea, salaketa ken zezaketela jakinarazi ziguten. Kulpa gurea zela saldu ziguten.

Hilabete falta zela ikusita, beste aukerarik ez genuenez, iaz Salberdinen atondu genituen txosna gunea eta oholtza. Hala ere, esan genuen festak amaitu eta hurrengo egunean hasiko ginela lanean, egoerari buelta eman eta festak Astazubira itzultzeko.

Nolakoa izan da aurtengo prozesua?
B.I.: Urrian bertan jarri ginen berriz ere harremanetan udalarekin, salaketa jarri zuten pertsonekin hitz egiteko eta guztion artean baldintzak finkatzeko festak aurten Astazubin egin ahal izateko.

Txosten bat ere egin genuen hainbat proposamenekin: txosnak kokatzeko modua aldatzeko, ordutegia murrizteko, bolumenaren mugak jartzeko... Horrekin batera, jasotako atxikimenduen berri ere eman genien udal ordezkariei. Hala ere, esan ziguten salaketa bat dagoenez, udalak ezin zuela arriskatu beste bat egotera. Horregatik, baldintza jasangarriak betetzen zituzten bi aukera eman zizkiguten: Salberdin ala Urdaneta kalea.  Azken aukera egokiagoa iruditu zitzaigun.

Baina, garbi utzi nahi dugu udalak ez digula ezer idatzita eman, erantzun bakarra ahoz helarazi digutela. Bestalde, udalak herriari bizkarra eman diola uste dugu. Aukera hobea da Urdanetakoa Salberdingoa baino, baina ez da guk eskatu duguna. Gainera, udalak gero nahi duenean aplikatzen du legea eta ez duenean nahi, berriz, ez. Aste Nagusian izango den Los Secretos taldearen kontzerturako, esaterako.

Horren aurrean, aurreratu duzue festak Astazubira itzultzeko lanean jarraituko duzuela.
B.I.:  Bai, aurtengo festetan hainbat ekintza egingo ditugu hori eskatzeko. Protesta batzuk antolatu ditugu eta ahalik eta jende gehien biltzea nahiko genuke.

J.G.D.:  Ikusarazi nahi dugu ez garela bi katu,  arazoak ez ditugula guk soilik. Gurekin Jaikoak ere traba ugari izan dituzte festak antolatzerakoan, beste batzuk ere bai... Jendea badugula atzean, alegia.

Zer motatakoak izango dira?
B.I.:  Lehenbizikoa abuztuaren 10rako antolatu dugu. Elkarretaratzea egingo dugu Astazubin bertan, 23:00etan, kontzertuen aurretik. Jendeari eskatu nahi diogu elastiko berdeekin zein banderolekin agertzeko. Abuztuaren 11n ere saiatuko gara protestaren bat egiten herri kirol saioaren aurretik eta baita hilaren 12an ere, bertso saioa hasi aurretik.  Horrez gain, Astazubi plazara bueltatzearen aldeko pailazo batzuk ere izango dira egun horietan.

J.G.D.: Ez dugu etengabe aldarrikatzen egon nahi, baina helburua da ez ahaztea eta festetan ere tarte bat eskaintzea aldarrikapenei.

Protestez gain, ekitaldi ugari izango da festez gozatzeko, noski.
J.G.D.:  Bai, bihar bertan, lehenbiziko aldiz Ye Mambo Txiki taldeak salsa ikastaroa eskainiko du. Horren ondoren, hilaren 11n izango da lehenbiziko ekitaldia Astazubin: zumba saio erraldoia.
Kontzertuei dagokionez, nik uste, orain arte izan dugun emanaldi indartsuenak izango direla aurtengoak. Lehenbiziko egunean Highlights eta Itaca band izango dira eta bigarrengoan, Santa Klara Egunean, Chimo Bayo eta Belako. Jendea Chimo Bayoren giroko janzkerarekin etortzera gonbidatu nahi dugu.  

B.I.: Horrekin batera, azken egunean pertsonaia berria aurkeztuko dugu auzo bazkariaren ondoren: Momua.

Erlazionatuak