Autobus geltoki berria atondu dute Nafarroa kalean

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 13a, 14:17

Aurrerantzean lineaz kanpoko autobusak Frantziskotarren elizaren pareko bi geltokietan geratuko dira.

Horren helburua da herriko erdigunean autobusen pilaketa saihestea. Bereziki, Bixkonde kaleko bizilagunak pairatu dute saturazioa, eta horri erantzuteko jarri ditu martxan Zarauzko Udalak bi geltokian. Aurrerantzean, Frantziskotarren elizaren parean bi norabidetan geratu ahalko dute, lineakoak ez diren autobusak, besteak beste, ezkontzetakoak, sagardotegietakoak,  irteera turistikoetara bideratutakoak zein Antonianoko kiroldegian partidaren bat jokatzera datozenak eramango dituztenak.

"Otsailean bildu ginen Bixkonde kaleko bizilagunekin, eta arazoari irtenbidea ematera konprometitu ginen", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. "Aldundiko Errepideetako arduradunekin bildu eta hainbat aukera aztertu ondoren, Frantziskotarren elizaren parean bi geltoki atontzea erabaki genuen. Irtenbide horrek Bixkonde kaleko bizilagunen bizikalitatea eta autobus zerbitzua hobetzen lagunduko dute".

Lineako autobusak ohiko geltokietan geratuko dira.