Lorentxo Portularrume omenduko dute Txakolin Egunean

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 25a, 14:40
Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izendapenaren idazkaria, gaurko aurkezpenean.

Igandean ospatuko dute, eta hainbat berrikuntza izango dira.

Aurten, hainbat berrikuntza izango dira Txakolin Egunean. Batetik, izena bera da berria, eta baita data ere. Irailean Mahats Biltzearen Jaia ospatu izan da aurreko urteetan, eta aurten Txakolin  Eguna berreskuratzea erabaki dute, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi duenez. Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izendapeneko idazkariak eman du azalpena: "Duela 30 bat urte ospatu ohi zen Txakolin Eguna, Arrosaleda parkean. Gerora, uda luzatzeko asmoz data aldatu eta irailerako hirugarren larunbatetan hasi ginen antolatzen. Data inguru horretan, ordea, zaila da txakolindegiei Zarautzera etortzea, mahats bilketarekin lana izaten dutelako". Abuztua txakolindegientzat ere "garrantzitsua" denez, igandean izango da txakolinaren festa, "Aste Nagusiaren eta Euskal Astearen artean".

Bestetik, aurten lehenbiziko aldiz herri kirol jaialdia izango da, txakolin dastaketa egiten duten bitartean. Zubizarreta eta Bihurri aizkolariek zein Eizmendi harri-jasotzaileak hartuko dute parte.

Gainontzean, ohiko ekitaldiak izango dira igandean. 10:30ean Txakolina deituriko bisita gidatua eskainiko dute Talaiberri txakolindegian. Bertan parte hartuko dutenek edari hori egiteko prozesua ezagutu ahal izango dute, eta baita dastatu ere.

11:00etan kalejira izango da txistulariekin eta 12:00etan hasiko da ekitaldi nagusia, Lege Zaharren enparantzan. Urtero legez, herritar bat omenduko dute aurten ere, kasu honetan, Lorentxo Portularrume. "Zarautz, Getaria eta inguruari presentzia handia eman dio Lorentxok azken urteotan", azaldu du alkateak. "Ia egunero eman du inguru honen berri argazkilaritzaren bitartez, bere borondatez". "Txakolina, portua, eguraldia eta Zarautz inguruari egindako ekarpena" aitortzeko, banda jarriko diote igandean, eta ondoren topa egingo dute harekin. Era berean, Iratzarri dantza taldeak Txakolin dantza eskainiko du Otxote baten laguntzarekin eta Sebastian Lizaso zein Aitor Mendiluzek bertso saioa. Jarraian, txistulariek kaleak girotuko dituzte.

20 upategi

Ondoren hasiko dira txakoiln dastaketarekin. Zarautz plaza "garrantzitsua" denez, aurten 20 upategik—Agerre, Aizpurua, Akarregi-Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa-Lore, Eizagirre, Elkano, Etxetxo, Flysch, Gaintza, Katxiña, Hiruzta, Mokoroa, Rezabal, Talai-Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia, Urki eta Zudugaraik— hartuko dute parte Txakolin Egunean. Guztira, 1.500 ekarriko dituzte horretarako. Sei euro ordainduz gero, edalontzi bat eskuratuko da, eta bost txakolin dastatu ahalko dira. Hegaluze, antxoa, piper eta bestelako pintxoak ere izango dira, laguntzeko.

Bitartean, herri kirolez gozatzeko aukera izango da. "Abuztuko azken iganderako plan aparta" dela nabarmendu du Txurrukak, herritarrentzat eta baita oraindik ere herria bisitatzen jarraituko dutenentzat ere, "gure zena erakusten duen edariaren inguruko festaren bitartez".

"Oso ona dator"

Mozok aurreratu du nolakoa izan den aurtengo uda txakolin ekoizleentzat. Haren arabera, uztaila "arraroa" izan da, eta abuztua, berriz, beroa. Prozesua "apur bat atzeratu" dela dio, baina aurreikusi du, ohi bezala, iraileko hirugarren astean hasiko direla mahatsa biltzen. "Oraingoz ikusi duguna, oso ongi dator", nabarmendu du.

Azken sei urtetan, ekoizpena asko igo da Mozok jakinarazi dutenez: 2 milioi botilatik 3,3 miliioi botilara. Horren %10a esportaziora bideratzen dute: %50a AEBetara eta baita Frantziara eta Japoniara ere.