«Hobe duin erretiratu, gero pena ematen ibili baino»

Aritz Mutiozabal 2016ko ira. 6a, 09:03
Iñaki Osa erraldoi eramalea (Aritz Mutiozabal).

Haurren Euskal Jai Egunean irten zen azkenekoz Iñaki Osa erraldoia eramaten, eguerdiko eta arratsaldeko kalejiretan. 50 urte bete ditu aurten, eta uztea erabaki du.

Hogei urte pasatxo egin dituzu erraldoi bat eramaten. Erraz esaten da, baina nola hasi zinen honetan?
Ba 22 urte izango dira hasi nintzela. Alfa zaharrean egiten nuen lan, Pepe Mutiozabal Txabillorekin batera, eta sanpelaioetarako jendea behar zutela komentatu zidan. Txikitan ere hor ibiltzen ginen buruhandien aurretik korrika, eta zarauztarra izanda, animatu egin nintzen. Horrela hasi ginen Juan Angel getariarra eta biok. Hark duela hiru urte utzi zuen, eta nik gaur egun arte iraun dut.

Nola oroitzen dituzu hasierako egun haiek?
Txerrikaleko astotegitik ateratzen ginen orduan, baina nik ez nituen erabili erraldoi zahar haiek, erregea eta horiek. Egungo pertsonaienak erabiltzen genituen, baina, ondoren, erre egin zirenak. Burdinezko egitura zuten, eta pare bat kilo astunagoak baldin baziren ere, erabiltzeko erosoak ziren. Hasieran urduri ekin nion, baina berehala hartu nion gustua.

Emakume baserritarraren pertsonaia eraman al duzu beti?
Bai, beti horrekin, emakume baserritarrarekin, ibili naiz. Salbuespen bakarra gure erraldoiak erre eta ondorengo bi urteak izan ziren. Bolada hartan Azpeitiko erraldoiak ekarri genituen, eta nik erraldoi beltza erabili nuen. Aluminiozkoak ziren, oso arinak, eta gu guztiak emanda ibiltzen garenez, ateratzen ginen bakoitzean erraldoiari hatzen bat edo azkazalen bat puskatzen nion. Ondoren, Zarauzko Udalak berriak egin zituen pertsonaia berdinekin, eta bakoitzak berearekin jarraitu genuen.

Herritarrek eta, batik bat, haurrek maitasun berezia dizue. Bira gehien egiten duzuna zarelako, akaso?
Bai, hori esaten didate, baina guztiok  mugitzen gara asko. Nik uste dut batek besteari kutsatzen diola, zentzu horretan, eta, egia esan, oso gustura ibiltzen gara. Jendearen aldetik ere maitasun handia jasotzen dugu. Txikia nintzenean guztiok buruhandiekin ibiltzen ginen, eta erraldoiez ez zen inor gogoratezn. Gaur egun, aldiz, haur guztiak erraldoien atzetik dabiltza. Ikusi besterik ez dago herrian dugun harrobia, bost erraldoi txikirekin. Festetan, erraldoien eta buruhandien kalejirak mugitzen du haur eta guraso gehien. Ateratzen garenean jende pila bat erakartzen dugu.

Horren harrera beroa jasotzen duzuela ikusirik, nolatan erabaki duzu erretiroa hartzea?
Duela bost urte hitz egiten aritu ginen erraldoiekin ibiltzen ginenok, eta 50 urte betetzen genituenean erretiroa hartzea erabaki genuen. Aurten bete ditut nik 50 urte, eta utzi egingo dut. Hobe duin erretiratu, gero pena ematen ibili baino. Oraindik sasoiko nagoela esaten didate, baina sasoi hori niretzako ere gorde behar dudala erantzuten diet.


Haurren Euskal Jai Eguna izan da zure azken kalejira erraldoiarekin. Zergatik aukeratu duzu egun hori?
Urteko azken hitzordua delako. Denboraldiari Inauterietan ekiten diogu, eta Haurren Euskal Jai Egunetan bukatu. Pena ematen dit, baina laguntza behar dutenetan azalduko naiz. Erraldoien familiarekin dudan harremana ez da galduko, urte asko izan baitira sanpelaioetan eta herriko beste jaietan.