Urte amaieran hasiko dira Santa Klarako azpiko pasabidea eraikitzen

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 8a, 13:35
Santa Klarako azpiko pasabidearen argazki-muntaiak (Zarauzko Udala).

Behin-behineko proiektua jaso du Zarauzko Udalak, eta horren nondik norakoak azaldu asmoz, bilera informatiboak egingo ditu udalak datozen astetan.

Santa Klarako trenbide gaineko egungo pasagunea kendu eta lur azpiko pasabide bat eraikitzeko behin betiko proiektua aurkeztu dio Eusko Trenbide Sareak Zarauzko Udalari. Asmatu S.L. ingenieritza enpresak idatzi du eta udal teknikariek proiektuari oniritzia eman bezain pronto, ETSk lehiaketara aterako du azpiegitura eraikitzeko obrak, eta urtea amaitu aurretik lanak egiten hastea aurreikusten dute.

Azpiko pasabidea agintalldi honetako "proiektu estrategikoetako bat" dela nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, mugikortasun eta segurtasun aldetik "gune beltz bat" delako. "Azken Portu auzoarentzat interes orokorreko premiazko proiektua da, eta Zarautz mailan ere, garrantzitsuenetako bat. Egungo pasagunea ehunka pertsonek gurutzatzen dute egunero, eta horregatik lehentasuna da azpiegitura hau eraikitzea”, dio Txurrukak.

Irailean aurreproiektua aurkeztu zien udalak auzoko bizilagunei, eta haien ekarpenak ere jaso zituen. "Urbanizazioa planteatzeko moduak Santa Klara kaleko jardueran eragina izan zezakeen, eta horregatik, bizilagunen iritziak ezagutu nahi izan genituen proiektua idazten hasi aurretik. ETSrekin hitz egiten hasi ginen lehen unetik, eraikitzeko proiektua idazteko oinarri izango zen hasierako txosten adostuan esku hartzeko interesa erakutsi genuen Zarauzko Udaletik”, gogoratu du alkateak.

Zarauzko Udalak ETSrekin hainbat bilera egin ondoren, erakunde publikoak egungo pasagunea kentzeko proiektua idazteko lehiaketa atera zuen duela urtebetete. Guztira, 22 proiektu aurkeztu ziren, eta abendu amaieran Asmatu S.L. ingenieritza enpresari egokitu zioten, 43.923 euroko (BEZ barne) aurrekotuarekin. Egun batzuk lehenago, ETSk eta Zarauzko Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten, eta hitzarmen honen bitartez, ETSk obren finantzazio osoa bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuen, 2017rako konpromiso kredituarekin; 1.435.000 euro inguruko aurrekontua izango du.

Datozen asteetan, gainera, bilera informatiboak egingo ditu udalak bizilagunekin, merkatariekin eta ostalariekin. Proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiete, eta obrak esleitu aurretik haien iritziak eta iradokizunak jasotzeko nahiz zalantzak argitzeko asmoa dute.


Irisgarritasun hobetzeko lanak

Azpiko pasabidea egiteko, Santa Klara komentuaren sarrerako zatia eskuratu behar izan du udalak; 199 metro koadroko lursaila, zehatz-mehatz. Horretarako, hitzarmen bat adostu zuen Santa Klarako mojekin: Klaratarren komunitateak lursaila udalari emateko konpromisoa hartu zuen, eta udalak, bere aldetik, azpiko pasabidearen eta komentuaren inguruan irisgarritasuna hobetzeko berurbanizazioa bere gain hartzekoa. Lanak Otegi-Gaztañaga S.L. enpresari egokitu dizkiote, 45.930,08 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin, eta lanekin hilabete honetan hasiko direla aurreikusten dute; 45 egunetan amaituko dituzte.