Errealitate baten testigantza

Aritz Mutiozabal 2016ko ira. 16a, 10:09
Haritz Larrañaga 'Zarauzko ametsen liburua'-rekin (Aritz Mutiozabal).

1960tik hona espetxean edo erbestean egondako 47 zarauztarren eta Zarauzko bizilagunen ametsak bildu ditu Haritz Larrañagak, ‘Zarauzko ametsen liburua’ argitalpenean. Gaur aurkeztuko dute, Modelo aretoan.

Astero argitaletxeak Ametsen liburua kaleratu zuen iaz, ia 500 euskal preso, erbesteratu edo deportaturen ala izandakoen ametsak bilduta. Ideia hori oinarri hartuta, Zarauzko ametsen liburua egin du Haritz Larrañagak: «Liburu hura erosi nuen, eta egitasmo oso polita iruditu zitzaidan, baina jende asko falta zela konturatu nintzen. Parte hartu zuten zarauztarrak hiruzpalau baino ez ziren, adibidez».

Azken bi urteetan elkarrizketak egiten aritu da Larrañaga, duela bi hilabete Pako Etxeberria auzi mediku eta antropologoak kaleratu duen Euskal Herriko torturen maparako. «Hori egiten ari ginela, beti norbaitekin elkartu eta hirugarren baten izena ateratzen zen». Sentipen horiek bultzatuta, Zarautzen antzerako liburu bat egin zitekeela bururatu zitzaion: «Herri mailan ikusten ez den edo ezkutatu nahi den errealitate baten berri emateko bitarteko polita izan zitekeela iruditu zitzaidan».

Parte hartzaileei honako galderari erantzuteko eskatu zien: «Zerekin egiten du amets muturreko egoera batean egon den edo askatasunik ez duen pertsonak?». Horiek idatziz, bertsotan edo olerki bidez erantzun dute, eta «hor agertzen da norberaren izaera». Liburuan parte hartzeko gonbita 83 lagunek jaso dute, eta horietatik  59 animatu dira;  horien artean, zenduta dauden hainbat ere bai. Parte hartzeko irizpideak zehatzak izan dira: alde batetik, zarauztarrak edo Zarauzko bizilagunak izan behar zuten, eta bestetik, 1960az geroztik noizbait erbestean edo espetxean egondakoak, motibazio politikoengatik.


Askotariko jendea

Liburuan parte hartu dutenen profila askotarikoa da, joera politiko ezberdinetakoak ere, eta egilearen iritziz, batek baino gehiagok «sorpresa» jasoko du. «Errealitate baten argazkia da, hori gertatu egin baita. Jendeak bere ibilbidea du, eta bere bizitzako momentu batean espetxean edota erbestean izan da, nahiz eta gaur egun beste joera batekoa izan edo egin zuena gaitzetsi».

Komunitate horren barruan «batekoak zein bestekoak» daudela dio Larrañagak, baina «egitasmo honetarako bildu dira, egoera bat bizi izan dutelako, eta galdera jakin horri erantzuteko bitarteko bat eskaini zaielako. Nortzuk hobeto ametsez hitz egiteko askatasunik izan ez duten pertsonak baino».

Martxoan hasi zen gonbidapenak eskura banatzen, eta uztailera arte aritu da idatziak jasotzen. Halaber, argazkiei idatziei adina garrantzia ematen saiatu da, ahal zenetan bi argazki txertatuz; bata, atxilo edo erbeste garaikoa, eta bestea, gaur egungoa. Horrez gain, pertsona bakoitza noiztik nora eta zein espetxetan egon zen zehaztu du, eta erbesteratuen kasuan ere haien egonaldien datak.

Hainbat orrialdetan, gainera, oharrak ageri dira, eta egileak horietan arreta jartzea komeni dela adierazi du, kontuan hartzeko hainbat informazio topatu daitekeelako.


Zerrenda luzea

Liburuaren bukaeran erbesteratuak eta espetxeratuak izan diren zarauztar eta Zarauzko bizilagunen zerrenda luze bat ageri da. Egilearentzat «sekulako balorea» du zerrenda horrek, eta, nolabait esateko, datu horiek lortzea izan da «lanik zailena». Erbesteratuen kasuan, 49 izen-abizen bildu ditu, eta presoen kasuan, berriz, 83; azken horietatik 23 dira bi egoeretan egondakoak, hain zuzen ere.

Proiektua abian jartzeko orduan, euskal memoriaren inguruko datuak lagungarri izan zaizkiola nabarmendu du. «Baina, gero, derrigortuta zaude jendearegana jo eta banan-banan galdetzera». Batzuen berri izateko edota harremanetan jartzeko hainbaten laguntza izan du. Izena eta bi abizenak idazteko  eskatu zien guztiei, agertu izan diren zerrendetako akatsak zuzentzeko. «Modu horretan joan nintzen datuak biltzen». Liburua bukatutakoan jende gehiagoren berri izan duela azaldu du egitasmoaren koordinatzaileak.

Hasiera batean, Eguzki, Arrano eta Altzola tabernetan jarriko ditu salgai liburuak, 22 euroan; argitalpenean parte hartu dutenentzat, berriz, 10 euroan. Gaur 19:00etan liburuaren aurkezpen ekitaldi irekia egingo dute Modelo aretoan, eta bertan ere erosteko aukera izango da.

 

Aurkezpena

«Parte hartzaile guztiak gonbidatu ditut. Izan ere, nabaritu dut euren artean dituzten haserreak eta zauriak leuntzeko gogoa dutela, eta horretarako horrelako gauza xumeak izaten dira onenak. Gainera, egin beharreko zerbait dela uste dut», dio egileak.

Txistulariekin ekingo diote aurkezpenari, eta jarraian, liburuaren nondik norakoak azalduko ditu Larrañagak. Ikus-entzunezko bat ere emango dute: proiektua lantzerakoan bildutako argazki guztien muntaia bat, musikaz lagunduta, eta Ekhine Eizagirre presoak errezitatutako poema batekin. Bukaeran,  parte hartzaile eta parte hartu gabe gonbidatuak izan diren guztiekin «argazki historikoa» aterako dute.